Udalak aho batez onartu du Iraurgi Berritzen garapen agentzia berrantolatzeko lan-mahaia eratzea

Andoni Elduaien 2025ko urr. 30a, 15:47

Garapen agentziak duen eskualde izaera indartzeko eta eskualdeko gainerako herriak Iraurgi Berritzenera erakartzeko lan mahaia eratzearen alde bozkatu zuten Azkoitiko lau udal taldeek. Era berean, kreditu aldaketak ere onartu zituzten: bat, baserri bideen inbentarioa egiteko izango da, eta bestea, Elkarguneko kantxa nagusiaren sabaia konpontzeko.

Iraurgi Berritzen garapen agentzia berrantolatzeko eta hura Urola Erdiko beste herrietara zabaldu ahal izateko lan mahaia sortzeko konpromisoa onartu du Azkoitiko Udalak. Erakundeak urriko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian, eta aho batez onartu zuten udalean ordezkaritza duten lau taldeek konpromiso hori. 

Garapen agentzia Azkoitiko eta Azpeitiko udalek sortu zuten. Harrezkero, bi udal horiek parte hartu dute Iraurgi Berritzenen, baina, zenbait urtez, baita Zestoakoak ere. Dena den, orain Urola Erdiko gainerako herriek–Zestoa, Aizarnazabal, Errezil eta Beizama– erakunde horretara batzeko duten aukerez-eta eztabaidatzeko, aurrez, konpromisoa hartu behar izan dute udal guztiek, eta hain justu, atzo, Azkoitiko Udalak eman zion horri baiezkoa. 

Iraurgi Berritzenek bere Plan Estrategiko berria gauzatu du, eta dokumentu horretan jaso dute garapen agentziaren eskualde izaera indartzeko eta eskualdeko gainerako herriak Iraurgi Berritzenera erakartzeko beharra. Behin udalen onespena jasota, lanketari ekin ahal izateko mahaia azaroan eratuko du Iraurgi Berritzenek. Mahai horretan eztabaidatuko dute, besteak beste, garapen agentziaren ereduaz eta Urola Erdiko gainerako herriek hara batzeko dituzten aukerez.

Kreditu aldaketak

Horrez gain, udalak bi kreditu aldaketa ere iragarri zituen. Batetik, gerakina erabiliz, 60.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuen udalak baserri bideen inbentarioa egiteko partida sortzeko. Iaz ere txertatu zuen udalak aurrekontuetan lanketa hori bera egiteko partida bat, baina ez zuenez gauzatu, berriro egin behar izan du orain. Ana Azkoitia alkateak adierazi zuen ordenantza fiskalak negoziatzen aritu zirenean eskatu zuela Azkoitia Baik baserri bideen inbentarioa egiteko eta horien erabilpenagatiko tasa bat ezartzeko partida bat sortzea. 

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bai herri plataformaren botoekin, baina PSE-EEk abstentziora jo zuen. Janire Igoa sozialistak "beharrezkotzat" jo zuen udalak baserri bideen inbentarioa egitea, baina harentzat orain "ez da horretarako unea" unea; "aurretik lanketa bat egitea beharrezkoa iruditzen zaigu", esan zuen. 

Bestalde, 120.000 euroko kreditu aldaketa bat ere onartu zuen udalak, Elkarguneko kantxa nagusiaren sabaia konpontzeko. Alkateak esan zuen udalak 2024ko aurrekontuetan jarri zuela lan horiek egin ahal izateko partida. Ordea, proiektua egiteak eta lanketa nondik eta nora gauzatu behar den erabakitzeak atzeratu ditu lanak, alkatearen esanetan. Lau udal taldeek aho batez onartu zuten kreditu aldaketa hori. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide