Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak, OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren bidez eta Azkoitiko Udalarekin elkarlanean, beste tailer bat antolatu du datorren asterako. Atzo Plaza Ondo elkartean egin zuten tailerra eta gero, datorren asteartean etxeko energia eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen tailerra antolatu dute. Energia Argitu programaren barruan, Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan izenburua duen tailerra egingo dute azaroaren 4an, asteartez, Elkarguneko Oteiza aretoan.
Kanpaina horren helburua da herritarrei etxeko energia kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea, baita energia eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere. Hori horrela, herritarrek beren etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azalduko dute batetik, eta bestetik, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dituzte.
Tailerrean parte hartzen dutenei, gainera, udalak Energia Argitu kit-a emango die maileguan. Kit horren bidez beren etxeetan neurketak egin ahal izango dituzte azkoitiarrek. Era berean, energia gabeziak detektatzeko balioko die proba horrek, hala nola aire ihesarenak, berokuntza erradiadoreetako galerenak, ur emariaren kontrolaren eta instalazioaren errendimenduarenak.
Gainera, %5 eta %10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak proposatuko dizkiete tailerreko arduradunek parte hartzaileei. "Interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute", azaldu du erakundeak. Behin urrats horiek guztiak eginda, parte hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikorako espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatu ahal izango dituzte.
Izena eman behar da
Tailer horretan parte hartu nahi duten herritarrek datorren ostirala, urriak 31, baino lehen eman beharko dute izena; udalaren arabera, gainera, ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi edo 605 75 76 87 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara bitartean. Informazio osagarria nahi duenak, Energia Argitu programaren webgunea bisita dezake.
