Energia Argitu programaren barruan, Etxeko energia elektrikoaren kontsumoa tarifa berrietara nola egokitu ikasteko, tailerra egingo dute etzi, asteazkena, Plaza Ondo jubilatuen elkartean. 10:00etan hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak, OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin eta Azkoitiko Udalarekin elkarlanean antolatu duen saioa.
Etzi egingo duten tailerrean hiru gai landuko dituzte, funtsean. Hasteko, elektrizitate faktura bat ulertzeko gakoak zein diren azalduko dute, hala nola elektrizitatearen saleroslea edo banatzailea nor den, energiaren jatorria, prezioak, potentzia, bidesariak, tarifen eta ordutegiaren gakoak. Segidan, herritarren argindar kontsumoaren datuak nola eskuratu daitezkeen azalduko dute; horrekin batera kontsumoa murrizteko nahiz birbanatzeko eta horri erantzuteko tarifarik egokiena nola aukeratu daitezkeen adieraziko dute. Saioa amaitzeko, herritarrek kontratatuta duten potentzia egokia al den edo ez egiaztatzeko aukera eskainiko diete parte hartzaileei.
Energia Argitu programa da OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak sustatzen duen jardueretako bat. Bulego hori Europako Batasuneko Next Generation funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez. Helburua da Gipuzkoako sektore ezberdinei energiaren kontsumoa murrizten laguntzea, eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea.
Izena ematea, ezinbestekoa
Plaza Ondoren Kultur Etxeko egoitzan etzi egingo duten tailerrean izena emateko, nahitaez izena eman beharko dute herritarrek. Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek, energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi edo 628 53 23 03 telefono zenbakira deitu beharko dute –09:00etatik 17:00etara bitartean–. Informazio gehiago nahi duenak, aldundiaren Energia Argitu programaren webgunea bisita dezake.