Palestinako erresistentzia zilegi dela aldarrikatu eta Israelekin "harreman oro eteteko" eskatu dute hainbat lagunek gaur eguerdian Azkoitian. Gazte Asanbladaren deialdiari erantzunez, 12:30erako hainbat lagun elkartu dira plazan, eta protesta ibiltaria gauzatu dute; hain zuzen ere, irakurketaren ahots grabazioa bozgorailutik entzuten zen bitartean, herritarrek plazan, eliz atarian, Plaza Berrian nahiz Balda plazan egin dituzte geldialdiak.
Ekintza horrekin bukatu dituzte asanbladak atzorako eta gaurko antolatutako hitzorduak; izan ere, atzo hitzaldia, afaria, poesia errezitaldia eta Desgaraian taldearen emanaldi akustikoa egin zituzten, eta gaur, berriz, Palestinan gertatzen ari den genozidioari buruzko erakusketa jarri dute plazan, eta eguerdian mobilizazioa egin dute.
Gaurko hitzorduan azpimarratu dutenez, ez dute "proiektu sionistarekin kolaboraziorik" onartzen, ezta herrialde baten gaineko "eraso sistematikoak" eta hil dituzten 70.000 palestinarren bizitza "zenbaki soiltzat" hartzea ere. "Israel aurrera eramaten ari dena ez da komunikabideetan deitzen ari zaion defentsa legitimoa, genozidioa da", esan dute gordin.
Palestinako erresistentzia Israeli eta horren motoretzat hartzen duten sionismoari "duintasun osoz" ari zaiola aurre egiten esan dute. "Zilegitasuna dute palestinarrek beren lurraldea eta herritarrak edozein modutan defendatzeko, eta ez dute inposatuko inongo narratiba faltsurik, gainera zapaldua zapaltzaile bilakatu nahi dutenean", adierazi dute.
Halaber, mendebaldeko estatu guztiak, alderdi politiko batzuk eta hainbat enpresa gertatzen ari denaren "konplize" direla salatu dute, eta gogorarazi dute Espainiako Auzitegi Nazionala Azkoitian lantegia duen Sidenor enpresako buruak ikertzen ari dela, Israelgo arma enpresa batekin kontrobandoan aritu direlakoan. "Hitzez bakea eta Palestinarekiko elkartasuna aipatzen dituzte, baina Israel armaz hornitzen segitzen dute. Giza eskubideen izenean hitz egiten dute, baina merkatuak eta interes geopolitikoek gidatuta dabiltza", gaineratu dute.
Horren aurrean, Palestinaren defentsa erreala egiteko "ezinbestekotzat" jo dute Israelekin harreman ekonomiko denak etetea. Gainera, zehaztu dute "bake prozesu" deitu dutena "farsa" bat dela, "Trumpek eta bere aliatuek sustatutako akordio hori ez delako bakea, okupazioa eta injustizia zuritzeko eta Israelen bidez mendebaldeko proiektu kapitalistak aurrera eramateko mugimendu bat baizik". AGAko kideen aburuz, Israelgo estatua desegindakoan soilik iritsiko da Palestinako herriaren askatasuna, eta horregatik, Euskal Herrian Palestinaren aldeko aldarriak kalera eramaten segitzeko deia egin dute.