Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) arratsaldean ekin dio Palestinan gertatzen ari denari buruz duen irakurketa herriratzeko antolatu duen egitarauari. Goiko Losan elkartu dira hainbat lagun, Azkoitiko asanbladako eta Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideekin elkarlanean eskaini duten hitzaldia entzuteko.
Batetik, Palestinako gatazkaren ikuspegi historikoa landu dute; eta bestetik, gaur egungo egoera ulertzeko gakoak izan dituzte hizketagai. Halaber, Euskal Herrian sionismoak dituen konplizeei buruz ere hitz egin dute, baita ondorio politikoak plazaratu ere.
Afari autogestionatuarekin eta poesia errezitaldi musikatuarekin emango diote segida gaurko prestatutako ekintzei. Zehazki, afalostean, Samih al-Quasim, Rafeef Ziadah eta Yaffa As poeta palestinarren poemak errezitatuko dituzte euskaratuta eta musikaz lagunduta. Gero, Desgaraian taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du. Ekitaldi denak plazan izango dira.
Bihar segituko dute bi eguneko egitarauarekin. Izan ere, Palestinako erresistentziaren defentsa, Israelen "suntsipena" eta "bi estatuen aterabidearen ezintasuna" aldarrikatzeko mobilizazioa deitu du AGAk bihar eguerdirako, 12:30erako. Aurretik, 10:30az geroztik, Palestinako erresistentziari buruzko erakusketa izango da ikusgai plazan.