Matadero Ekintzak taldeak antolatutako Udazkeneko Bebarruko Jardunek badoaz poliki-poliki aurrera. Joan den zapatuan, egun osoko egitaraua izan zuten Matadeixen bertan; Salhaketa eta Sin Poli taldeen hitzaldiak, horien bueltako tailerrak eta kontzertua izan ziren han.
Eguerdian hasi zen presoen aldeko Salhaketa elkartekoen hitzaldia. 1982. urtean sorturiko mugimendua da Salhaketa, eta presoen eskubideen defentsan, eta zigor sistemaren nahiz espetxe politikaren aurkako kritikan lan egiten du. Elkarte horrek giza eskubideen ikuspegitik aztertzen du espetxe sistema, eta bere helburua da zigor bidezko justiziaren alternatibak bilatzea, birgizarteratzearen, zigorgabetasunaren eta kontrol sozialaren aurkako borrokan oinarrituz. Hain justu, elkarte horren egitekoaz eman zituzten azalpenak zenbait lagunek.
Bazkaltzeko tarte bat hartuta, Sin Poli kolektiboaren hitzaldia izan zen gero Matadeixen. Polizia boteretik kanpoko gatazkei aurre egiteko ikerketa taldea da Sin Poli, eta kolektiboki ikertzen du poliziarik gabeko bizimodua. Gainera, polizia boterea gizarte mailako gatazketatik aldentzearen alde egiten du lan. Hitzaldiak eskaini zituzten bi talde horien saioen bueltan, tailerrak ere egin zituzten Matadeixen.
Eguna amaitzeko, Putan Club taldeak eskaini zuen kontzertua Matadeixen. François R. Cambuzatek eta Gianne Grecok osatzen dute Putan Club taldea, eta 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte honezkero Europan, Afrikan zein Asian. Giro ederrean borobildu zuten larunbateko eguna Matadeixen elkartu zirenek.

Amaitzeko, bi kontzertu
Bi musika talderen emanaldiarekin agurtuko dituzte aurtengo Udazkeneko Bebarruko Jardunek. Datorren zapatuan, hilak 25, Les Conches Velasques eta Massa Confussa taldeek eskainiko dute kontzertua. Les Conches Velasquesen txanda izango da aurrena; Pablo Jimenezek hasitako bakarkako proiektua banda bihurtu zen gerora, Picore bateria-jotzailea, Jesus Landa, Sergio Segura eta Sweet Williams elkartu zirenean. Zaragozako (Espainia) taldeak hipno-punk marka darama soinean, baina Mendebaldeko Afrikako erritmoen eta post-punkaren oinarrien gaineko zertzeladak ere aurkeztu ohi ditu.
Ondoren, Massa Confusa musika taldearen txanda izango da, rock alternatiboa, post-punka eta elektronika doinuak nahasten dituen proiektu esperimentaleko kideena. Egun Donostian bizi da taldea, baina Erresuma Batuan sortu zen; izan ere, 2012tik 2017ra Durhamnen, Newcastlen aritu ziren. Gainera, autoekoizpenerako DIY filosofiarekin lan egiten du taldeak. Hasieran, Ally Mortonek abiatu zuen bakarkako proiektua, baina, gero, Matt O'Brien batu zitzaion hari. Beraien lanetan soinu iluna, sintetizadoreak eta estilo apurtzailea dira nabarmentzekoak.