Nicole Righetti: "Birgizarteratu nahi ditugun horiek gizartetik isolatzen ditugu"

Ane Olaizola 2025ko urr. 15a, 09:10

Nicole Righetti. (Utzitakoa)

Udazkeneko Bebarruko Jardunekin jarraituko dute larunbatean Matadeixen, eta Nicole Righetti Salhaketa elkarteko kideak espetxe sistemaz hitzaldia eskainiko du (12:30).

Matadero Ekintzakek espetxeei eta Poliziari egingo die so Udazkeneko Bebarruko Jardunen hurrengo saioan. Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako: presoen eskubideen defentsan eta espetxeak eta zigor-sistema abolitzearen alde lan egiten duen Salhaketa elkarteko kide Nicole Righettik (Verona, Italia, 1993) hitzaldia eskainiko du Santi Cobos preso ohiarekin batera 12:00etan, eta La Pulga dantzariaren emanaldiarekin amaituko dute saioa. 

Bazkaria egingo dute Matadeixen bertan eguerdian, eta 16:00etan, Sin Poli kolektiboak tailerra eskainiko du Nola konpondu gatazkak polizia gabe? izenpean. 22:30ean, berriz, Putan Club taldearen kontzertuarekin amaituko dute eguna. 

Arreta pizten du Salhaketaren leloak: Denok gara presoak. Zer esan nahi duzue horrekin?

Elkarteak presoei, haien senideei zein itxialditik ateratakoei laguntzen die 1982tik, eta esaldi horrek gure konbikzioa nabarmendu nahi du: ez dago profil kriminal zehatzik, guztiok eror gaitezke zuzenbide sistemak biltzen duen zigor sistemaren logikan. Guztiok gara sistema horren biktima kapitalismoaren eta liberalismoaren testuinguruan, desberdintasun soziala zein pobrezia bilatzen baititu. Egokitzen ez denak kolektibora erortzeko arriskua du, prekarietatea bermatzea eta lotura sozialak desagertzea guztiz normalizatuta dauden kolektibo horretara. Sistemaren biktima izan direnen eskubideak defendatzen ditugu, eta presoekin banatzen gaituen hesia haustea da gure lana. Haiekin identifikatzen eta haiengana gerturatzen gara, sistemak pertsona horiek fisikoki zein psikologikoki isolatu nahi dituelako, eta gure nahia delako gizartetik at daudenenganako estigma desagertzea.

Zein dira kartzelatik ateratzen direnen beharrak?

Gizartean berriz sartzeko oinarrizko beharrak izaten dituzte: esaterako, asko hitz egiten da lan munduan birgizarteratzeaz, baina ikusten dugu horrek ez duela fruiturik eman. Horrez gain, dokumentazioa behar bezala edukitzeko, auzitegietara laguntzeko zein berriz babes sareak eraikitzeko oztopo ugariri egin behar izaten diote aurre. Izan ere, espetxeak pertsonak berriz hezteko erakunde moduan aurkezten badituzte ere, sozializazioari eta giza harremanei muga gogorrak jartzen dizkiete zentro horietan, eta presoek espetxean eskatzen zaizkien baldintzak betetzen ez badituzte, haiek are gehiago isolatzen dituzte; batez ere orduan antzematen dira buru osasun zein kontsumo arazoak, zeinak ingurura egokitzea eta bizirautea are gehiago zailtzen duten. Pertsonak isolatzen dituztenean, haien familia eta lagun harremanak mozten dira. Batez ere Zaballako espetxetik [Araba] ateratzen dituzten presoak hartzen ditugu guk, eta ikusten dugu babes sarerik ez dutela. Gainera, estigmak eragindako beldurrarekin bizi den gizarteari ere egin behar diote aurre, badakitelako haiekiko zer diskurtso publiko dagoen.

Isolamenduaren esparru juridikoari, haren ondorioei eta eskubide urraketei buruzko azterketak eginda dituzue. Zer ondorio atera duzue?

Espetxeko isolamenduak ondorio lazgarriak ditu hura jasaten duten pertsonen buru osasunean, giza harremanak eta kontaktua ia erabat desagertzen direlako. Izan ere, espetxe barruan ere neurri zigortzaileak ezartzen dituzte, eta horren bidez ikus dezakegu zein den erregimenaren benetako logika: zigortzearena. Lehen graduan daudenek, isolamenduaren egoera gogorrenean, gehienez binaka egon behar dute patioan, ziegetan katxeoak dituzte, eta haienganako abusuak gertatzen dira; aldebakarreko botere ariketa da une biolento hori. Horrez gain, jarduera okupazionaletarako eta formazioetarako aukerarik ere ez dute. Berriz diot: gizartean birgizarteratu nahi ditugun pertsona horiek gizartetik isolatzen ditugu.

Presoek beren buruaz beste egiten segitzen dute.

Eusko Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena hartu zuenetik, hamar pertsona hil dira beren buruaz beste eginda EAEko espetxeetan. Zoritxarrez, espetxe barruko bizi baldintzak zeintzuk diren ikusita, presoek irteera oso gutxi dituzte, eta eskubideak urratzen zaizkien egoera jasanezinak bizi dituzte. Jaurlaritzak eskumena bereganatu zuenean agindu zuen espetxeekiko gardentasun eta komunikazio handiagoa egongo zela; informazioa espetxeko hormetatik haratago joango zela. Hasieran, ikusi genuen aldaketa txiki bat kartzeletako heriotzak iragartzerakoan eta, baina galtzen joan da hori, eta gaur egun, familiek beraiek jotzen dute gugana laguntza eta informazio eske. Heriotzaren berri emateko komunikazio hotz bat jasotzetik haratago, zailtasun ugari dituzte benetan zer gertatu den jakiteko. Bertsio bat dago, ofiziala, eta batzuetan oso zaila da hori egiaztatzea, eta batez ere, egoera saihestea. Izan ere, heriotza horien kausak askotan saihets zitezkeen.

Espetxeen gaineko eskumen aldaketak hobekuntzarik eragin al die presoei?

Zoritxarrez, ikusi ditugun aldaketak ez ziren esperotakoak eta agindu zizkigutenak, hoberako izango zirelakoan baikeunden. Jaurlaritzak promes egin zuen hirugarren graduko neurriak zabalduko zituela eta erregimen hori ugaritzearen alde egingo zuela, baina ikusten duguna da egun askoz preso gutxiago daudela hirugarren graduan. Presoei 100.2 artikulua ere gero eta gutxiago ezartzen diete, zeinak astelehenetik ostiralera kartzelatik irteten uzten dien, lan jardueraren bat egitea ahalbidetzeko. Duela aste batzuk, kartzelen eremuan lan egiten dugun elkarteok urtean behineko bilera egin genuen arartekoarekin, eta asko harritu gintuen hark onartu izana EAEko espetxe sistema ezerezean gelditu dela. Gainontzeko elkarteek ere ildo horretan hitz egiten dute, eta bakoitzak bere lan eremua badu ere, inor ez gara ari hobekuntzak antzematen. Sentipena dugu atzeraka goazela, batez ere baliabidetan.

Urtearen hasieran, Espainiako Estatuko hainbat kolektibo Iruñean bildu zineten, zigorraren kulturaren aurkako borrokarako eta hausnarketarako gunea den Sare Antipunitibistaren lehen urratsak emateko. Zein asmorekin batu zarete?

Ikuspegi desberdinetatik zigorraren gaia lantzeko elkartu ginen Iruñean, borroka honetan askotan bakarrik sentitzen baikara. Ertz asko jorratzen dituen etengabeko borroka da gurea, eta ertzetako bat da kartzelari dagokiona, baina zigorrak bizitzaren arlo guztiak barne hartzen ditu; gizartean oso barneratuta dugu zigorra. Gure egunerokotasuneko ekintzak eta pentsamenduak zigortzen dituen sisteman bizi gara, eta horregatik, beharra ikusi genuen gaiaz eztabaidatzeko, barneratuta ditugun praktiken inguruan diskurtso bat eratzeko eta gure artean koordinatzeko.

Gaur egungo gizarteak nola hautematen ditu espetxe sistema indargabetzeko ideia eta eztabaida antipunitibista?

Esan bezala, joera zigortzailea oso sustraituta daukagu, eta hein batean, erakundeek gure segurtasunaren alde lan egiten dutela zabaltzen duten mezuagatik da hori. Segurtasunari dagokion esku hartze sozialak eta kontrolak oinarrian ezegonkor sentiarazten gaituzte, gure beldurra elikatzen dute, eta egoera horrek ez du laguntzen sistemaren markoa ulertzen.

Ez genuke babestu beharko onen eta txarren arteko dikotomiaren atzean; desberdintasun sozialak eta estigma areagotzen dituen boterearen gailuak deuseztatzearen alde egiten dugu, oinarrian ez dutelako konpontzen gizartean dauden arrakala sozioekonomikoak, kulturalak eta osasunari dagozkionak. Hain zuzen, arrakala horiek dira kartzelak edukitzea beharrezkoa dela sinestarazteko dauden benetako kausak. Horregatik da garrantzitsua kartzelen gaineko eztabaida egotea. Izan ere, geure buruari galdetzen diogu zer egingo genukeen kartzelarik gabe eta gaizkilez inguratuta, baina zer motatako gaizkileez ari garen ere pentsatu beharko genuke. Zer delitu zigortzen dira egun? Nor sartzen da espetxera, eta nor ez? Ez dut uste kanpoan gaizkilerik gabe gaudenik. Espetxeak abolitzeko ideiaren funtsean zera dago: gatazkak gizarteko prozesutzat ulertzen ditugu. Maiz egiturazko arazoetatik sortzen dira gatazka horiek, eta kaleratzeetan, eskola abandonuan eta prekarietatean amaitzen dira. Benetan ez dira konpontzen zigorrarekin eta itxialdiarekin, baizik eta lotura komunitarioak sendotuta eta sistema aldatuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide