Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Orbel Jokoak antolatu ditu beste urte batez, eta horrekin batera izena emateko epea zabaldu du. Ohiko moduan, euskara eta euskal kultura sustatzeko zein "herritarrek ondo pasatzeko" asmoz antolatu du elkarteak lehiaketa, haiek hizkuntzarekin eta kulturarekin lotutako kontuetan parte har dezaten nahiz jolasean elkar hobeto ezagut daitezen.
Berrikuntza moduan, aurten bi eta hiru kidetako taldeak osatu ahal izango dira, eta aurreko aldietan bezala, horiek hiru astetan erantzun beharko dituzte elkarteak egindako galderak. Lehenengo asteko galderak azaroaren 3an zabalduko ditu Maxixatzenek, eta lehiakideek azaroaren 9rako erantzun beharko dituzte; bigarren asteko galderak, berriz, azaroaren 10ean publikatuko dira, eta parte hartzaileek hilaren 16ra bitartean izango dute erantzuteko aukera; azkenik, hirugarren asteko galderak hilaren 17an zabalduko dituzte, eta hilaren 23ra erantzun beharko dira. Finala, berriz, azaroaren 28an, ostiralez, egingo dute, 17:30ean, Elkarguneko Intsausti aretoan.
Sariei dagokienez, talde irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta bigarren zein hirugarren postuetan sailkatzen direnek 180 eta 120 euro, hurrenez hurren.
Interesa dutenek hilaren 29ra bitartean eman dezakete izena, galdetegi hau beteta.