Intxausti-Imaz eta Ruiz de Larramendi-Larrañaga bikoteak nagusi, arrakasta izan duen Elosuko pilota txapelketan

Maialen Etxaniz 2025ko urr. 19a, 10:15

Orotara, 28 bikote aritu ziren lehian egun osoan zehar jokatutako txapelketan. Mutiletan, Iñigo Intxausti eta Xanet Imaz izan ziren nagusi, eta haien atzetik sailkatu ziren Asier Unanue eta Unai Eizagirre. Nesketan, berriz, Olatz Ruiz de Larramendik eta Ane Larrañagak osatutako bikoteak jantzi zuen txapela, eta txapeldunorde gelditu ziren Leire Lopetegi eta Mireia Ibabe. 

Atzo arratsalde-gau partean borobildu zuten goizean hasitako Elosuko I. Pilota Txapelketa Azkarra. Mutiletan, Iñigo Intxausti eta Xanet Imaz izan ziren nagusi, eta haien atzetik, azpitxapeldun, sailkatu ziren Asier Unanue eta Unai Eizagirre. Nesketan, berriz, Olatz Ruiz de Larramendik eta Ane Larrañagak osatutako bikoteak jantzi zuen txapela, eta txapeldunorde gelditu ziren Leire Lopetegi eta Mireia Ibabe. Batzuk txapela jantzi zuten arren, guztiek eraman zuten saria etxera. 

Elur-Mendi elkarteak antolatuta, binakako esku pilota txapelketa azkarra jokatu zuten egun osoan zehar Elosua auzoko frontoian, 08:00ak aldera hasita. Orotara, 28 bikote aritu ziren lehian, formatu bizkorreko partidak jokatuz. Izan ere, zortzi minutuko partidak izan ziren jokatu zituztenak, hamabi tantora. Partida guztiak hamabi tantora jokatu arren, zortzi minutu jokatu eta lehia berdinduz gero, puntu bana eman zieten bikoteei. Aldiz, bi puntu jaso zituen hamabi tantora heltzen zen taldeak. 

Antolatzaileak pozik agertu dira egitasmoak izandako harrerarekin. Hain zuzen, auzo elkartea suspertzea dute xede antolatzaileek. Auzoari bizia eman eta elkartearentzako diru-sarrera lortzeko asmoz antolatu zuten txapelketa, besteak beste. Egun osoan zehar giro aparta izan zela azpimarratu dute antolatzaileek, eta egunaren balorazio "oso positiboa" egin dute. Izan ere, jende aldetik ez ezik, antolaketa aldetik ere primeran joan zen jardunaldia, besteak beste, partiden denborak errespetatu zituztelako eta jende ugari bertaratu zelako txapelketa ikustera. 

(Argazkiak: Utzitakoak)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide