Martxan da Elosuko I. Pilota Txapelketa Azkarra. Goizean, oraindik berotzen hasi gabe zela, ekin diote txapelketari Elosua auzoko frontoian. Hain zuzen, 08:00ak aldera ekin diote Elur-Mendi elkarteak antolatutako txapelketari, eta han ariko dira arratsaldera arte. Guztira, 28 bikotek eman dute txapelketan aritzeko izena; lau dira emakumeek osatutakoak, eta 24 gizonenak. Besteak beste, Azkoitiko, Bergarako, Antzuolako eta Arrasateko herritarrek eman dute txapelketarako izena
Bikote horiek guztiek sei multzotan banatuta hasi dute lehia. Multzokako fasean, multzoko bikote guztiek beren artean jokatuko dituzte partidak, eta onenek final zortzirenetara egingo dute jauzia. Ondoren, final laurdenetako eta finalerdietako kanporaketak jokatuko dituzte, eta arratsaldeko azken orduan, finalak. Hain zuzen, 19:30ean hasiko da emakumeen finala, eta 20:30ean, gizonena.
Partida guztiak hamabi tantora jokatuko badituzte ere, zortzi minutu jokatu eta lehia berdinduta badago, puntu bana emango diete bikoteei. Aldiz, bi puntu jasoko ditu hamabi tantora heltzen den bikoteak edo zortzi minutu horiek amaitzean aurretik doanak.
Auzoa, eta, bereziki, auzo elkartea suspertzea dira antolatzaileen nahiak. "Auzoa nahikoa hilda edo hutsik dago taberna itxi zenetik, eta elkartean ere galerak gehiago dira irabaziak baino urriaren 12an auzoan izan ohi zen feria egiteari utzi zitzaionetik. Hori hala, elkartearentzako diru-sarrera bat lortzeko asmoz antolatu dugu txapelketa", azaldu zion Gukari Julen Muguruza Elur-Mendi elkarteko ordezkariak.