Etxeko eta kanpoko borroka kirolarien plaza bilakatuko da Azkoitia azaroaren 8an. Izan ere, K1 eta lowkick borrokaldien jaialdia antolatu du UGA kirol zentroak –tartean Durango Fight Factory klubarekin elkarlanean–, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Etxeko nahiz kanpoko kirolariek parte hartuko dute jaialdian, eta bertan izango dira Aitor Andreueta Joanes Orbea azkoitiarrak. Hain zuzen, Andreuren debuta izango da profesionaletan. Beraz, etxekoak etxean egingo du debuta, ingurukoen babesean. Hori dela eta, antolatzaileek jaialdia "berezia" izango dela aurreikusten dute. Azkoitiarra 70 kiloz azpikoen mailan eta lowkick modalitatean ariko da azaroaren 8an, eta parez pare izango du Alejandro Moron Torito.
Jaialdiak askotariko osagaiak izango ditu, eta hainbat modalitatetako borroka kirolak ikusteko parada izango dute bertaratzen direnek. Pilotalekuko ateak 17:00etan irekiko dituzte, eta 17:30 aldera hasiko da ikuskizuna. Antolatzaileek aurreratu dutenez, parte hartzaile profesionalak ez ezik, amateurrak nahiz neoprofesionalak ariko dira nor baino nor. Guztira, hamaika borroka kirolari igoko dira Gurea pilotalekuko ring-era. Honako hauek izango dira parte hartzaileak: Aitor Andreu (Azkoitia), Joanes Orbea (Azkoitia), Ekaitz Isasmendi (Azpeitia), Aimar Azpiazu (Azpeitia), Unai Monasterio (Azpeitia), Ekaitz Cuenca (Mendaro), Egoitz Rios (Elgoibar), Ander Baca (Lemoa), Peio Martin (Durango) eta Unax Arbelaitz (Igantzi).
Antolatzaileek adierazi dutenez, jaialdiarekin ikusgarritasuna eman nahi diete inguruotan asko praktikatzen diren baina gizarteratzen ez diren borroka kirolei. "Borroka kirolen presentzia eta kultura berriz sendotzea" dute xede. Azkoitiko jaialdian ariko diren kirolarietako askok Azpeitian zein Azkoitian egin dituzte lehen urratsak, eta dagoeneko aurrerantz pausoak ematen ari dira mundu horretan. Aitor Andreuk, esaterako, hainbat garaipen erdietsi ditu urteotan. Besteak beste, Euskal Herriko txapelduna da muay thai, K1 eta lowkick modalitateetan. Gainera, Espainiako azpitxapelduna da lowkick-en.
Sarrerak, salgai
Atzo jarri zituzten salgai azaroaren 8ko borroka kirolen jaialdirako sarrerak. Aurrez 20 euro ordaindu beharko dira txartelak, eta lotura honetan eros daitezke. Sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan 25 eurotan jarriko dituzte eskuragarri leihatilan.