Betidanik gustatu izan zaizkio Aitor Andreuri (Azkoitia, 1997) borroka kirolak. Umetan karate eskolan aritu zen, baina aurrez aurreko borrokara inoiz atrebitu gabea zen. Ordea, bide laburra bezain oparoa egin du mundu horri ekin zionetik; izan ere, modalitate desberdinetako Euskadiko muay thai eta K-1 txapelketak irabaztera eta Thailandian muay thaian profesional mailan debuta egitera iritsi da azken urteotan.
2018. urtera egin behar da atzera Andreuren muay thai hastapenez aritzeko. Unibertsitate garaian Gasteizen bizi izan zen azkoitiarra, eta han jasotzen zituen ikasgaiak nahikoa ez, eta aparteko bat gehitzea erabaki zuen "kasualitatez". "Erosketak egitera atera nintzen egun batean ohartu nintzen bebarrutik hamar metro eskasera muay thai eskola bat zegoela. Barruan jendea elkarri ukondokadak ematen ari zela ikusi nuen", hasi da kontatzen. Thailandian jatorria duen borroka modalitate horretan gorputzeko adar guztiekin egin daiteke borroka, hala nola eskuekin, ukalondoekin, belaunekin eta oinekin. Kickboxingean, berriz, ukalondoak ez beste adar guztiak dituzte borrokarako bide. Pertsona haiek gimnasioan modu hartan borrokan ikustea mugarria izan zen Andreurentzat, eta proba egitea erabaki zuen.
Muay thai eskolak jasotzen hasi zenean, Azkoitri triatloi taldeko kidea ere bazen Andreu; biak uztartzen zituen. Dena den, duatloiak-eta utzi zituen gero, muay thaia "serio" hartzeko. "Entrenamenduekin hasi nintzen aurrena, eta bost bat hilabetera-edo egin nuen aurrenekoz borroka", dio orduko kontuez. Abagune hura ere "kasualitatez" iritsi zitzaion, bada, azkoitiarrari. "Hasiera batean, beste lagun batek borrokatu behar zuen, baina haren lesio bat tarteko, niri eskaini zidaten aukera". Baiezkoa eman zuen Andreuk, baina lehen aldi hartan ez zuen nahi bezalako esperientzia bizitzerik izan. "Sekulako astindua jaso nuen", gogoratu du, barrez, borrokaldi hura.
Andreuk ikasi zuen erori eta gero altxatzen, eta unibertsitate ikasketak amaitutakoan, Azkoitia inguruan eman nahi izan zion jarraipena kirolari. Hemen inguruan ez da horrenbeste lekutan lantzen kirol hori, eta "hutsunea betetzeko" borrokaren beste modalitate bat lantzen hasi zen, muay thaia baztertu gabe: K-1a. Azpeitian eta Durangon (Bizkaia) txandakatzen ditu entrenamenduak; K-1a egiten du Azpeitian, eta muay thaia, Durangon. Biak dira borroka kirolak, baina biak desberdinak. Muay thaia da haren iritziz borroka modalitate "ikusgarriena", modalitate horrek eskaintzen baitu "borrokarako edo aurkaria jipoitzeko aukera gehien". Aldi berean, ordea, "arriskutsuagoa" ere bada. Bi modalitateak ondo baino hobeto menperatzen ditu orain Andreuk, sei urtean inguruotako borrokalari esanguratsuena izatera iritsi da eta. Txapelketetan erakutsitako maila eta modalitate desberdinetan lortutako balentriak dira horren erakusle. Eta berak jasotako ikasgaiak besteei ematen hasi da irakasle lanetan murgilduta.
Txapeldun izaterainoko bide gozoa
Han eta hemen jokatutako borrokaldietan jasotako muturrekoetatik ikasi, eta aurkariei berna ertzetan emandako ostikoak baliatu ditu Andreuk borroka kirolari bezala hazten jarraitzeko. Gaur-gaurkoz, 2019ko eta 2020ko Euskadiko Muay Thai Txapelketak ditu irabazita; iaz Euskadiko K-1 Txapelketa bereganatu zuen; eta aurten, low kick modalitatean nagusitu da –belaunak ez beste gorputz adarrak erabili daitezke borrokarako–.
Abuztuko oporraldia baliatu izan du Andreuk azken bi urteetan Thailandiara hiru bat aste igarotzera joateko. Buruan zuen ideia edo ametsa zen profesional mailako aurreneko borroka han egitea, eta joan den abuztuan lortu zuen. 2022an egin zioten lehen eskaintza, baina infekzio bat tarteko baztertu behar izan zuen aukera. Iaz, berriz, bi asterako joan zen soilik, eta aurten, orain arte bisitatu gabeko gimnasio batean aritu da entrenatzen. Laugarren egunean jaso zuen han borroka egiteko gonbidapena. Azkoitiarrak ez zuen zalantzarik izan, batetik, duela bi urte galdutako aukera berreskuratuko zuelako, eta bestetik, bere ametsa gauzatuko zuelako.
Handik lau egunera iritsi zitzaion lehiarako eguna. Erroak budismoan dituen kirola da muay thaia, eta haren errituak aintzat hartzen dituzte borrokalariek deman hasi aurretik. Buruan monje batek bedeinkatutako mongkhon izeneko soka dutela, wai kru agurra egiten dute aurrena. Ringaren lau ertzak gurutzatu eta erdian dantza egin behar izaten dute borrokalariek agurrean, entrenatzaileari eskerrak emateko eta aurkariari errespetua adierazteko. Baina, agurrak amaitu orduko hasten da egurra. Segituan ohartu zen Andreu han borrokan ez dela "txantxetan" egiten. Halere, bere onerako, azkarra izan zen borroka: Azkoitiko borrokalariak minutu eta erdian garaitu zuen etxekoa, azken ukabilkada gibelaren parean jota.
Esperientzia ahaztezina
Phuket hirian egon zen Andreu, eta han dauden lau estadioetatik "ederrenean" egin zuen borroka: Bangla Boxing Stadiumen. Txapelketetako irabazle izateak baino gehiago asetzen du Andreu Thailandiako esperientziak. "Ez nuke ezer gutxiesterik nahi, ederra baita Euskadiko txapelduna izatea, baina niretzat askoz garrantzitsuagoa izan da Thailandiara joan eta profesional mailako borroka batean parte hartzea". Eta badu hori azaltzeko arrazoirik; izan ere, Thailandiako kirol nazionala da muay thaia, "bizi" egiten dute herritarrek borrokaldi bakoitza, eta halako zaletasuna izateak "esentzia berezia" ematen dio kirolari. "Borrokaldi betean geundela jendeak izarrik onenei bezala egiten zigun oihu. Borroka amaituta ere, arraro sentitzen nintzen haurrek zorionak ematean edo argazkirako nahiz sinatzeko tarte bat eskatzean". Thailandian profesional gisa aritzeko nahia asetuta badu ere, badu atera beharreko bestelako arantza bat: low kick modalitateko Espainiako Txapelketa, txapelketa horretako txapeldunorde izendatu baitzuten ekainean. "Horren gertu ikusi eta lortu ez izanaren arantza dut, eta txapelketa hori lortu nahi nuke".
Kirolaren beste aurpegia ezagutzeko aukera ere izan du Andreuk Thailandiako egonaldian. Hango haurrak 8 bat urterekin hasten dira borrokan, eta sinesgaitza badirudi ere, sari ekonomikoak jasotzen dituzte borrokaldia irabazteagatik. "Dirua jasotzen dute eta diru hori gurasoei eman behar izaten diete, familiari laguntzeko", dio. Helduen borroketan bezala, gainera, haurren borroketan ere apustuak egiten direla baieztatu du. "Gogorra da bi ume elkarrekin borrokan ikustea, baina hango errealitatea ikusita eta ezagututa, familiek beharbada ez lukete jateko aukerarik izango beraien umeek ez balukete borrokatuko". Ikusitakoarekin eta ikasitakoarekin zuzen doa bidean Andreu, inolako metarik jarri gabe. Kirol hau "bizitzeko modu bat besterik ez" da harentzat, eta orain arte bezala aukerak baliatzen saiatuko da, bai Thailandiara itzultzen denean, bai etxean. Andreuren ibilbideak gutxi du dagoeneko kasualitatetik.
Motzean
- Adina: 27 urte.
- Ikasketak: Ingurumen Zientziak.
- Lanbidea: programatzailea.
- Borroka kirolaria ez banintz… musikaria, lehen baxua jotzen nuen eta.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… nahi bezala jatea eta parrandatxo bat egitea.