Arnasguneez egindako ikerketa aletu du Dorronsorok Euskolaren bigarren saioan

Erredakzioa 2025ko urr. 16a, 14:27

Maddi Dorronsorok arnasguneei buruz egin duen ikerketa aurkeztu zuen atzo arratsaldean, Euskolaren bigarren hitzaldian. Arnasguneetako euskaldunen hizkuntza jarrerak aztertu ditu hark. 

Adimen artifizialak arnasguneei eman zien jarraipena atzo, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloaren bigarren saioan. Izan ere, Olatz Perez de Viñasprek, Xabier Arregik eta Olatz Arregik joan zen astean adimen artifizialak euskarari nola eragin diezaiokeen aztertu ostean, Maddi Dorronsoro ikertzaileak bere azterketaren berri eman zuen Arnasguneetako ahotsak: bertako euskaldunen hizkuntza jarrerak izenpean, Elkargunean.  

Dorronsorok arnasguneetako euskaldunen hizkuntza jarrerei lotuta egin du ikerketa. Alde batetik, arnasguneak diren eremuetan bizi den jendeak euskararekin zer harreman duen bildu du hark, hala nola hizkuntzaren bueltan zer ideia, zer sentimendu eta zer jokabide duen. Beste aldetik, arnasgune diren herri horiekiko bertako herritarrek hizkuntzarekiko zer pertzepzio duten ikertu du; alegia, arnasgune batean bizitzea euskaldun batentzat zer den jaso du. Azkenik, arnasguneetako herritar horiek azken urteetako aldaketak nola hautematen dituzten ikertu du, batez ere, euskaldunak ez diren etorri berrien eragina eta horiekin duten harremana bilduz. Ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen hark solasaldian, eta proiektuaren bitartez egin nahi izan dion ekarpena ere aurkeztu zuen. 

Dorronsororen solasaldiarekin, zikloaren erdira iritsi ziren atzo. Hurrengo asteazkenean, hilaren 22an, izango da hurrengo hitzaldia, eta Gari Goikoetxeak Iñaki Iurrebasorekin batera kaleratu duen Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du orduan. Azken hitzordua, berriz, urriaren 29an izango da, eta Onintza Enbeita eta Aner Peritz bertsolariek Deserosotasunak kudeatzen hitzaldia eskainiko dute orduan. Saio guztiak Elkarguneko Intsausti aretoan dira, 18:00etan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide