Atzo, asteazkena, hasi zen Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloa. Atzo, adimen artifiziala eta euskara uztartu zituzten Olatz Perez de Viñaspre, Xabier Arregi eta Olatz Arregi Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ixa ikerketa taldeko kideek. Adimen artifiziala, euskararentzat pozoi ala ukendu izenburupean eskaini zuten saioa hiru lagun horiek.
Adimen artifiziala eta euskara lotzea izan zen atzo hirukotearen xedea, bereziki, adimen artifizial sortzailearen inguruan aritu baitziren. ChatGPT moduko tresnak dira egun modan dauden adimen artifizial sortzaileak, eta tresna horien arriskuak zein diren eta horrelako tresnak eskura edukitzeak euskara bezalako hizkuntzentzat zer nolako onurak edo galerak ekar ditzakeen azaldu zuten. Era berean, Ixa ikerketa taldeak sortu eta garatu duen Latxa euskarazko txatbota ere aurkeztu zuten hiru lagunek; euskaraz ikasi duen tresna da Latxa, euskaraz erantzuteko gai dena.
Datozen hitzorduak
Urriko datozen hiru asteazkenetan ere izango dira hitzaldiak, 18:00etan hasita, Elkarguneko Intsausti aretoan. Askotariko gaiak landuko dituzte hitzordu horietan guztien. Datorren asteazkenean izango da bigarren hitzordua, eta orduko gonbidatua Maddi Dorronsoro izango da. Hark arnasguneetako errealitateaz jardungo du solasean, Arnasguneetako ahotsak: bertako euskaldunen hizkuntza jarrerak izeneko solasaldian.
Hilaren 22an, berriz, Gari Goikoetxeak Iñaki Iurrebasorekin batera kaleratu duen Esnatu ala hil liburuaren aurkezpena egingo du jendaurrean. Azken hitzordua, berriz, urriaren 29an izango da, eta egun horretan Onintza Enbeita eta Aner Peritz bertsolariek hartuko dute hitza, Deserosotasunak kudeatzen izenburupean egingo duten hitzaldian.