Esku pilotako lau eta erdiko txapelketak Azkoitian egingo du geldialdia aste honetan. Ostiralean, modalitateko horretako bi pilota partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek Gurea pilotalekuan. 21:15ean hasita, A Serieko edo lehen mailako eta B Serieko edo promozio mailako partida bana izango dira herriko frontoian.
Joan den astean aurkeztu zuten pilota txapelketa hori, eta Azkoitian final laurdenetako ligaxkako aurreneko partidak jokatuko dituzte. Jakinekoa zen B Serieko partidan Julen Egiguren Egiguren V.a pilota azpeitiarra eta Beñat Senar direla aritzekoak, baina A Seriko partida zehazteko zuten. Hain justu, asteburuan jokatu dituzte final zortzirenetako kanporaketak, eta Joseba Ezkurdiak eta Iker Larrazabalek lortu dute ligaxkara sailkatzea; Ezkurdiak 22-17 hartu zuen mendean Aitor Elordi Zallan (Bizkaia) eta Larrazabal 22-15 Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.a Eibarren (Gipuzkoa).
Binakako partida ere bai
Ebatzita gelditu dira Gurean jokatu beharreko lau eta erdiko bi partidak. Dena den, pilota enpresek jakinarazi dute txapelketatik kanpoko eskuz binakako partida bat ere jokatuko dela Azkoitian. Iñaki Artolak eta Martxel Iztuetak osatuko dute bikoteetako bat, eta Elordik eta Beñat Rezusta bestea.
Partidak ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko Entradas Fronton atarian; 25 eurotik aurrera eskuratu daitezke horiek. Hain justu, goiko solairuko eta erreboteko eserlekuetako sarrerek dute 25 euroko prezioa. Aldiz, 35 euro balio dute kantxako sarrerek. Honako lotura honetan eskuratu daitezke sarrerak.