Esku pilotako profesionalen Lau eta erdiko txapelketa Azkoitira iritsiko da aurten ere. Gaur, astelehena, aurkeztu dute pilota enpresek txapelketa Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta han jakinarazi dute, urriaren 10ean, ostiralez, lehen mailako eta bigarren mailako final laurdenetako ligaxkako partida bana jokatuko dutela Gurea pilotalekuan. 21:15ean hasiko da Gureako jaialdia.
Guztira, hamabi pilotarik parte hartuko dute lehen mailako txapelketan; Aspe eta Baiko pilota enpresetako seina pilotari ariko dira lehian. A multzoan, Altuna III.ak eta Peña II.ak final laurdenetako ligaxkan ekingo diote lehiari. Haiekin batera multzoa osatzeko, baina, final zortzirenetako kanporaketa jokatu beharko dute beste lau pilotarik: batetik, Dario eta Zabala ariko dira nor baino nor gehiago, eta bestetik, Artola eta Bakaikoa. B multzoan, bestalde, Jaka eta Etxeberria dira final laurdenetako ligaxkan dauden bi pilotariak, eta haiekin batera multzoa osatzeko partidak Larrazabalek eta Zubizarreta III.ak jokatuko dituzte batetik, eta Elordik eta Ezkurdiak, bestetik. Unai Laso iazko txapeldunaren hutsunea izango du aurtengo lau eta erdikoak, hark ez baitu belauna oraindik lehiatzeko moduan ikusten.
A Serieko partidako protagonisten izenak ezagutzeko, baina, itxaron egin beharko dute pilotazaleek. Asteburu honetan bertan jokatuko dituzte final zortzirenetako lau partida horiek, eta lau irabazleen izenak jakin eta gero zehaztuko dute Gurean jokatu beharreko jaialdia. Ostiralean, Zallan (Bizkaia) jokatuko dute Elordik eta Ezkurdiak, eta hango irabazleak igandean Eibarren (Gipuzkoa) jokatuko duten Zubizarreta III.aren edo Larrazabalen aurka jokatuko du. B Serieko partidan, berriz, Egiguren V.ak Senarren aurka jokatuko du.
Dena den, partidak ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko Entradas Fronton atarian; 25 eurotik aurrera eskuratu daitezke horiek. Hain justu, goiko solairuko eta erreboteko eserlekuetako sarrerek dute 25 euroko prezioa. Aldiz, 35 euro balio dute kantxako sarrerek. Honako lotura honetan eskuratu daitezke sarrerak.
Berrikuntzekin dator txapelketa
Aurtengo txapelketara begira, pilota enpresek hainbat berrikuntza adostu dituzte. Batetik, sakearena izango da nobedadea. Partida guztietan sakea lau eta erdiko marratik atera beharko dute pilotariek, orain arte baino koadro erdi bat atzeragotik, alegia.
Horrez gain, pilotei lotutako adostasunaren berri eman dute enpresek. Hori hala, aurtengo lau eta erdikoan pilotariek ez dute astean zehar pilota aukeraketarik egingo; partidak jokatu baino 45 minutu lehenago hautatuko dute lehiarako materiala. Erabaki hori hartuta, pilotariek astean zehar egin beharreko joan-etorriak ekidin nahi dituzte, baita kostuak alboratu ere.