Azkoitiko Udalak iraileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Hainbat punturen artean, udal gobernuak kreditu gehigarriaren bidez egin beharreko 1.150.200 euroko kreditu aldaketa izan zuten hizpide lau udal taldeek. EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak egin zuten proposamen horren alde, eta PSE-EEk abstentziora jo zuen.
Inbertsioetarako proiektu berrien artean, 1.027.000 euroko kreditu aldaketa proposatu zuen udal gobernuak. Ipintza auzoko auzotarren eskutik, bi etxebizitza blokeen artean dauden espaloiak lotzeko eta horiek irisgarriagoak egiteko eskaera jaso du udalak, eta horretarako, 50.000 euro jarriko ditu. Era berean, auzo horretan bertan eta Baztartxo antzokiaren atarian komun publikoak eraikitzeko asmoa azaldu zuen alkateak; 215.000 euroko partida jarriko du erakundeak bi eremu horietako lanak egiteko. Komun publikoei lotuta, Txerloia auzunean eraikiko dute beste komun bat; futbol zelaitik eta kaletik sarrera izango luke komun horrek. Era berean, Txerloia tenis klubekoentzako aldagelak ere eraikiko dituzte Txerloian, 115.000 euroko partida bideratuta.
Xabier Munibe Ikastolako ataria eraberritzeko proiektua ere esku artean du udalak. Alkateak jakinarazi zuen, udalak eta ikastolak elkarlanean landu dutela proiektua. Hiru fasetan gauzatzea da asmoa, eta Eusko Jaurlaritzak proiektu guztiaren %60a finantzatuko du aurreneko fasean; udalak, berriz, 150.000 euroko diferentzia jarriko du. Ordea, udalak eta Jaurlaritzak hitzarmena sinatzeko dute oraindik. Alkatearen arabera, proiektua amaitzeko "azken lanak" ari dira egiten teknikariak, eta erakundearen asmoa da urte honetan bertan lizitaziora ateratzea. Azkenik, 50.000 euro bideratuko ditu udal brigadarentzako ibilgailu bat erosteko.
Erakundeak lehendik esku artean zituen inbertsioetarako proiektuen artean, berriz, hainbat aipatu zituen alkateak. Haurreskolako berdegunea egiteko, 150.000 euro beharko dira, eta orain, 50.000 euro gehituko dituzte lehendik 100.000 euro zituen partidara. Ordea, asmo gehiago ere nabarmendu zituen Azkoitiak: skate parkearen proiekturako 225.000 euroko partida jarriko dituzte; ibilgailuentzako herrian zehar lau karga elektriko puntu jartzeko, 140.000 euro gehituko dituzte; eta azkenik, Xabier Munibe Ikastolan eguzki plakak jartzeko 32.000 euro. Azken kasu horretan, proiektuak 115.000 euroko aurrekontua du, baina Euskal Energiaren Erakundeak (EVE) ia 80.000 euroko diru laguntza emango dio udalari. Horrekin batera, 123.000 euro gehituko dituzte, guztira, udal eraikin askoren kontserbaziorako eta mantenurako partidara, adikzioen prebentziorako ikastetxeetan egiten den lanaren zerbitzuko aldaketara, katuen kolonien kontrolera eta Eskolako Agenda 2030era.
Oposizioaren esanak
PSE-EEk ez oposizioko beste bi alderdiek baiezkoa bozkatu zuten puntu horretan. EH Bilduko Asier Altunak nabarmendu zuen udal gobernuak "zailtasun handiak" dituela proposamenak eta ekimenak aurrera ateratzeko. "Azken urteetako proposamenak datozkigu bueltaka. Diru gehiago jarri behar dugu proiektuen kostua etengabe igotzen delako, baina, era berean, udal honek zailtasun eta aitzakia zantzuak ditu beste alderdiekin adostutako proiektuak aurrera ateratzeko. Horrek eragiten du askotan gainkostu horiek handitzea", esan zuen hark. Altunak EAJri gogorarazi zion "gutxiengoan" ari dela gobernatzen, eta oposizioarekin hartutako konpromisoak betetzeko eskatu. Altunak "baiezko kritikoa" emango zutela esanez itxi zuen hitzartzea.
Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizentzat "egin beharrekoak" dira proiektu asko, baina hark herri plataformarentzat garrantzitsuak diren partidak jarri zituen mahai gainean, hala nola herritarren parte hartzea indartzea eta herriko lokalen azterketa egitea. "40.000 eurokoa zen guk aurkeztutako kreditu aldaketaren zenbatekoa, zuek gaur aurkeztu duzuen milioi ingurukoarekin konparatuz, huskeria bat. EAJk garbi azaldu zigun gure proposamenak ez zituztela egun lehentasun". Etxanizek iragarri zuen datorren urteko aurrekontuei begira "beste ahalegin bat" egingo dutela proposamen horiek gauza daitezen. PSE-EEko Janire Igoak, berriz, abstentziora joko zuela esan zuen, udal gobernuaren proposamen batzuek sozialistentzat "lehentasunik ez" dutela eta. "Uste dugu badaudela beste gai eta proiektu garrantzitsuagoak", esan zuen.
Alkatearen erantzuna
Azkoitia alkateak hiru bozeramaileei erantzun zien. Aurrena, sozialistei eskatu zien beraientzat lehentasunezko proiektuak eta bazterrera gelditutako proiektu garrantzitsuagoak zein diren zehaztea. Azkoitia Baik egindako eskarien bueltan, berriz, aitortu zuen EAJk ez zituela lehentasunezkotzat jo herri plataformaren proposamenak, baina Etxanizi erantzun zion harrezkero hura ez dela alkatetzara joan proposamen horiek txertatzeko eskatzera.
EH Bilduri zuzenago erantzun zion alkateak. Koalizioarentzat zenbait proiektuk gainkostua dutela eta, honakoa erantzun zion Azkoitiak Altunari: "Proiektua gauzatzeko, proiektua egin behar da aurretik. Aurrez zenbait partida genituen proiektuetarako, eta orain, horiek eginda ditugu, lizitatzera ateratzeko moduan. Ez zait txarra iruditzen proiektuak eginda edukitzea, baita gerora horiek berriro eguneratu behar badira ere. Diru laguntzak ateratzen direnean, pauso asko eginda egoten dira proiektua eginda badago" esan zuen.
Oposizioak egindako proiektu proposamenen bueltan, berriz, honakoa esan zuen Azkoitiak: "Zuekin adostutako zenbait proiektu orain ari gara mahai gainean jartzen. Ordea, proiektu batzuek beste alderdiekin adostu gabeak dira, horiek egiteko beharra ikusi dugulako, eta horretarako, diru partida bat jarri behar delako. Ez dugu oposizioaren eta gure asmoen artean bereizketarik egiten. Partidak aurrekontuetan baldin badaude, partida horiek udal honen aurrekontuak direlako da. Ez naiz proposamenak zein aldetatik datozen bereizten hasten; gustatzen zait udal honen partida ahalik eta gehien exekutatzea".
Oteizaren eskultura, Azkoitira
Galde erreguen artean, alkateak jakinarazi zuen aurten zendu den Antonio Oteizaren eskultura bat herrira bidean dela. Oteizari eskainitako idatzia irakurri zuen aurrena Azkoitiak eta ondoren, eman zituen eskulturari buruzko xehetasunak. Ongi etorri izeneko eskultura Intsausti jauregiaren alboan jarriko dute azaroan, eta orduan, udalak omenaldia egingo dio artistari. Erakundeak aurrerago jakinaraziko du hitzordu horren gaineko informazio guztia.