Gipuzkoako lurraldea Andre Mariaren irudiz beteta dago. Irudi batzuek historia luzea dute. Gure artean, Azkoitian, azkeneko lau gizaldietan Andre Mariaren irudiak Urrategi du izena, Urrategin du bere etxea, eta azkoitiar fededun askoren bihotzean ama bezala da maitatua.
Duela 75 urte, 1950. urtea, urte berezia izan zen: Andre Mariaren urte santua izan zen Pio XII.ak Andre Mariaren zeruratzearen egia dogmatikoa zela aldarrikatu zuelako. Azkoitiar kristauok, orduan ia herri osoa, Urrategiko Amari zioten maitasunak eraginda eta kristau elkartearen fedearen aitorpen publikoak bultzaturik, Urrategiko amaren irudia koroatzea eskatu zuten, eta Erromatik etorri zitzaien baimen hori. Beraz, duela 75 urte kanonikoki koroatua izan zen irudia. Herrian eta kristau elkartean festa handi bat egin zuten.
Gaur egungo giroa beste bat da. Egungo kristau elkarteak bestelako lehentasunak eta erronkak ditu. Ez diogu horrenbeste begiratzen Andre Mariaren Sortzez Garbiari edo bere zeruratzeari. Gorrotoak, gogorkeriak eta gerrak zauritutako munduan, bakearen eta senide elkartasunaren ebanjelioari begiratzen diogu. Fedea aitortzea zaila bihurtu den gure gizartean, hainbat aldiz kritikatuak eta erasotuak gara, baina fedearen aitormena mantentzeko eta sendotzeko garaia da.
Urrategiko Amaren koroazioaren 75. urteurrena ospatu nahi dugu. Gaur ez gaude bere urrezko koroatzeari begira. Baina, bera dugu erromesen arreba, lehen fededuna, Azkoitiko herriari sinesmen aitormena egiten lagundu diona. Irailaren 21ean, Urrategiko elizan, eukaristia berezia izango dugu, 10:00etan. Aukera ona da gure fedea aitortzeko eta Urrategiko Amari bere laguntza eskatzeko. Garaiak asko aldatu dira. Garai zailak eta ilunak gureak, arrazoi askorengatik. Urrategiko Amari argitasuna, elkartasuna eta fede sendoa eskatuko diogu egun horretan. Eta berak, babestu dezala Azkoitiko herria ama maitasunez.
Urrategi izena dutenak animatzen ditut beren izena ematen dien irudia gurtzera.