Muga ondoko dantza lotuaren mugak

Andoni Elduaien-Urtzi Oteiza 2025ko ira. 12a, 09:09

Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak Aizpurutxon dantza lotuak izan zituen mugak ageriko egiteko bi mural margotu ditu. Mugez, debekuez eta zigorrez hitz egin dute garai hartako erromeriak ezagutu zituzten lagunek.

Historiak, eta era berean, bitxia den istorio batek Aizpurutxo auzoan piztu du arreta. Gorka Larrañaga (Azkoitia, 1974) artistak horma irudi bana marraztu du hango elizaren aurrean dagoen San Agustin taberna zenaren bi aldeetan. Muga kontuak dituzte oinarrian muralek, ez soilik muga fisikoak, baita herritarrek jasandakoak ere.

Aizpurutxon, elizaren ezkerraldean dago Azkoitia eta Bergara banatzen dituen mugarria, errepidearen 26. kilometroa markatzen duen karteltxoaren oinarrian. Elosua auzotik behera jaisten den Zakotei errekak banatzen ditu Bergara eta Azkoitia pare horretan. Hain justu, orain muralak dituen eraikinaren azpitik egiten ditu azken metroak urak Urola ibaira iristeko. Ordea, mugarri hura dantzarako muga ere izan zen garai batean Aizpurutxon; izan ere, auzoaren Bergarako aldean baimenduta zegoen dantza lotua egitea. Ordea, auzoaren Azkoitiko aldean, ez. Erlijioa zegoen debeku horren atzean; politika integrista aplikatzen zen sasoian –XIX. menderako indarrean zena– hartutako erabakietako bat izan zen dantza lotuari ezarritako debekua.

Maria Luisa Segurola Txaorrik (Azkoitia, 1933), Elias Letek (Azkoitia, 1940), Maritxu Alberdik (Bergara, 1944) eta Salome Uriak (Azkoitia, 1945) ondo dakite zer den dantzarako muga horren kontua. Segurola da laukoteko beteranoena, eta hark aitortu du "betidanik" ezagutu izan duela Azkoitiko aldean dantza lotuaren gaineko debekua.

Debekua eta zigorra

Egundik begiratuta "barregarria" bezain "zelebrea" iruditzen zaie lauei bizitako egoera hura. Azkoitian egindako erromeria haietan ibilitakoak dira denak ere, eta gogoan dute San Agustin taberna zenaren aurrean, errepidez bestalde dagoen zabalgunean egiten zutela dantza. Eremu horrek bazuen garaiko auzotarren artean izen bat: bolatokia. Boloetarako ohitura egon bazegoen auzoan, baina jolasak presentzia galdu zuenean, erromeriak hartu zuen plaza. "Bolatokitik zubiaren pareraino egiten zen erromeria; soinu jotzaileak geldituta ere, jendeak segi egiten zuen dantzan", dio Segurolak.

Laukoteak ez du argi dantza lotua egiteko muga zein erakunderen agindua zen. "Ez dakigu Elizak edo udalak, nork debekatu zuen dantza lotua egitea", dio Uriak. Badakite, ordea, beste lagunen bati helduta dantza egiten zuenak zigorra izan ohi zuela: kongregaziotik kanporatzen zituzten. Mariaren Alaben eta Luistarren kongregazioak zeuden inguruan indarrean; emakumeak aurreneko kongregaziotik kanporatzen zituzten, eta gizonak, bigarrenetik.

Segurola, Lete, Uria eta Alberdi ez, baina halako kasuak bizitakoak asko izan ziren. Letek pasarte bat du gogoan: "Behin Pol-Pol mendian egin zen erromeria batean kolpera sartu zen ekaitza, eta erromeriak Azkoitiko txabola batean jarraitu zuen. Han dantza egin zuten Azkoitiko neska-mutil guztiak kanporatu zituzten kongregaziotik". Segituan saltatu du Uriak: "Han bazen txibatoren bat, orduan!". Letek erantzun dio hari, ziurtasunez: "Garai hartan, apaizek eta neska zaharrek agintzen zuten, txibatoek apaizei eta neska zaharrei esaten zieten-eta dantza lotuan nor ibili zen". Uriak ere arrazoia eman dio hari emakume horien kontua aipatzean, ingurukoek barre egin baitiote hura aipatu duenean: "Egia da neska zaharrek egundoko lana egin zutela parrokian eta katekesian, baina haiek agintzen zuten". Ordea, zigorrari garrantzia neurrian ematen zieten orduko gazteek. "Zigor horregatik ez ote ginen bada joango gu berriz dantza egitera?", galdetu du Alberdik.

Aizpurutxoko erromerietan, normalean, trikitilari bat egoten zen mugaren bi aldeak girotzen; batzuetan, dantza loturako piezak eskaintzen zituzten haiek, eta besteetan, sueltorakoak. Ordea, Segurolak dio behin edo behin mugaren alde banatan trikitilari bana izan zela. Alberdik azkar erantzun dio hari: "Dantza lotua zegoen aldera jotzen zuen betiere jendeak". Eta Letek, baieztatu: "Dantza sueltoa egiten zen lekuan ez zen egoten asko kobratzerik, han jende gutxi ibiltzen zen eta".

Debekua, noiz arte?

Zehatz-mehatz debekua zein urtera arte egon zen indarrean ez dira oroitzen laurak. Ordea, argi dute Periko Alberdi Azkoitiko alkate izendatu eta laster kendu zutela debekua. 1955. urtearen inguruan jaso zuten azkoitiarrek beren herrian dantza lotua egiteko baimena. Inguruko herri askotan dantza lotua egitea posible zela ikusita, Alberdi alkateak Elizaren mehatxuei entzungor egin zien, eta Azkoitian dantza lotua egitea ahalbidetu zuen horretarako baimena emanda.

Laster erantzun zion Elizak alkateari, hura Elizatik botata. Pentsa, korporazioarentzako aulkiak ere kendu egin zituzten parrokiatik. Gerora, alkate haren erabakiz, kiosko bat eraiki zuten Azkoitiko plazan, eta dantza lotua egitea ahalbidetu zuten egunean ere antolatu zuten erromeria berezi bat. "Egundoko festa izan zen; dantzarako gogoa zuena gustura zen orduan", esan dute.

Kontua betikotuta

Lehengo bizipenak jaso ditu orain horman Larrañagak. Aizpurutxoko jaien bueltan egin ditu artistak bi muralak. "Muralekin bertako historia errekuperatzen saiatzen naiz, identitatea zainduz. Nire aita Aizpurutxokoa da, eta ezagutzen zituen dantza kontu horiek. Aitak proposatu zidan eraikinean dantza sueltoa eta dantza lotua irudikatzea. Ideia sinplea, baina oso ona iruditu zitzaidan".

Azkoitiko San Juan bainuetxean egindako erromeria bateko irudia hautatu du Larrañagak dantza sueltoaren murala egiteko, eta Interneten aurkitu du dantza lotuaren beste irudia. Bi horietan oinarrituta, zuri-beltzean ondu ditu lanak: "Nahi nuen garai bateko sentsazioak irudikatzea; zahar itxura eman nahi nien irudiei, garai batean Aizpurutxo zena berreskuratuz". Artistaren esanetan, "polita" izan da auzoko jendeari gaztetako oroitzapenak gogora nola etorri zaizkion ikustea. "Auzotarrak gehitzera etorri dira, eta alde horretatik oso pozik nago. Gustatzen zait artea horretarako erabiltzea, eta kasu honetan, funtzionatu du".

Irizarren puska da

Erromeria kontuak urrunago gelditzen zaizkio Arantxa Irizarri (Antzuola, Gipuzkoa, 1956), baina oroitzapenak borborka ditu; izan ere, 34 urtez aritu da hura hango tabernan lanean. 6-7 urterekin bere baserritik Aizpurutxora mezetara joaten zenean ezagutu zuen Urbaso baserrikoena zen eraikina. "Taberna zen ordurako, eta Bergarako zatian janari denda bat zuen. Gozokiak ere saltzen zituzten, eta gogoan dut 3 pezetako pagarekin joaten nintzela; pezeta bat itsulapikora botatzen nuen, beste bat mezetan eta bestea gozokiak erosteko erabiltzen nuen", dio.

Gerora hartu zuen jabetzan eraikina Irizarrek. Orain, beti izango ditu presente dantza lotuari buruz entzundakoak; lanari utzi bazion ere, oraindik ez baitio utzi bere lantokia zen lekura joateari. Auzoak bezala, opari ederra jaso du auzoa horrenbeste urtean bizirik mantendu duenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide