Errezilgo Belamendik irabazi du XV. Andremari Idi Dema Saria

Nerea Uranga 2025ko abu. 21a, 15:41

38 plaza eginda Azkoitiko idi probako txapela eta mantak irabazi ditu Errezilgo probazaleak. Sei idizalek parte hartu dute atzo eta herenegun gauean Gurea probalekuan jokatutako idi proban. 1.800 kiloko Diva harriarekin egin behar izan dituzte lanak.

Asteartean eta atzo jokatu zuten XV. Andremari Idi Dema Saria sei probazalek Gurea pilotalekuan, 1.800 kiloko Diva harriarekin. Atzoko jardunaldian aritu zen Errezilgo Belamendiren idiek egin zuten lanik onena, eta hark irabazi du sariketa, 38 plaza osorik eginda. 67,5 kiloko gainkargarekin jardun zuten Belamendiren idiek, Axier Alegria eta Iñaki Urrutia itzain zirela eta Jon Erkiaga erlojero.

Bigarren postua lortu zuen Billabaso ere atzoko jardunaldian aritu zen deman, honen idiek 105 kiloko gainkargarekin arituta, 37 plaza osatu zituzten. Maruriko probazalearen idiekin Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain, eta J. Antonio Sistiaga erlojero.

I. Lopategiren idiek ere atzo jardun zuten proban, eta 29 plaza eginda sariketako bosgarren tokian gelditu ziren.  43,5 kiloko gainkargarekin jardun zuten Lopategiren idiek, Axier Alegria eta Jagoba Tubilla itzain zirela eta Iñaki Lopategi erlojero.

Astearteko saioan, berriz, idi proba saioko lanik onena Laukizko (Bizkaia) Elorrietaren idiek egin zuten, 36 plaza eta 2,48 metro egitea lortuz. Ondorioz, Andremari sariketako hirugarren postua lortu zuen Elorrietak. 49,5 kiloko gainkargarekin aritu ziren Unai Elorrieta eta Iñaki Urrutia itzain zirela eta Jon Elgezabal erlojero.

Asteartean, bigarren lanik onena Zumeltxuren idiek egin zuten. Kasu honetan, Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain eta J.Antonio Sistiaga erlojero. Idiek 3 kiloko gainkargarekin 32 plaza egitea lortu zuten. Igeldoren idiek, berriz, 28 plaza, lau zinta eta 2,19 metro egin zituzten. Idi hauekin Galder Bolaño eta Asier Zubillaga Igeldo aritu ziren itzain, J.M. Etxeberriak jardun zuen erlojero, eta idiek 9 kiloko gainkarga eraman behar izan zuten.

XV. Andremari Idi Dema Sariko sailkapena honakoa izan da:

1- Belamendi (Errezil): 38 plaza.
2- Billabaso (Maruri-Jatabe, Bizkaia): 37 plaza.
3- Elorrieta (Laukiz, Bizkaia): 36 plaza eta 2,48 metro.
4- Zumeltxu (Zamudio, Bizkaia): 32 plaza.
5- I. Lopategi (Mungia, Birle, Bizkaia): 29 plaza.
6- Igeldo (Ezkio, Gipuzkoa): 28 plaza, 4 zinta eta 2,19 metro.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide