Abuztuaren 18an bukatu ziren andremariak, eta orain, jaien balorazioa egiteko tartea hartu du Ana Azkoitia alkateak. Oro har jaiak "normaltasunez" igaro direla esan du Azkoitiak, baina "tenperatuta altuek baldintzatutako andremariak" izan direla azpimarratu du. Era berean, "jaiak ilundu" dituzten gertaerak ere egon direla, eta horiek gaitzetsi ditu alkateak. "Zoritxarrez, bi indarkeria sexista kasu izan dira. Gure gaitzespenik irmoena horrelako gertaeren aurrean. Zero tolerantzia". Hilaren 19 goizean herrian barrena agertutako pintadak "onartezinak" direla gaineratu du. "Herritar guztien aurkako erasoa da markesinetan, edukiontzietan edota fatxadetan pintadak egitea, eta errespetu falta galanta erakusten dute. Hori ez da adierazpen askatasuna, beste helbururik gabe kaltea egiteko modua baizik". Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari dela gaineratu du Azkoitiak.
Gainontzean, "giro ona" nagusitu da andremarietan alkatearen ustez, eta udalak antolatutako jarduerak "arrakastatsuak" izan dira: "Txupinazoa, kontzertuak, kaleko musika ikuskizunak, plaza gainezka jarri zuen film laburren emanaldia, 90 urte betetzen dituzten emakumeei eta gizonei egindako omenaldia, edota hilaren 18ko herri bazkaria, 1.400 lagunek parte hartu zuten eta”.
Beroari aurre egitea zaila
Aurtengo Andremari jaiak beroagatik gogoratuko dira udalaren arabera. Muturreko tenperaturengatik alerta laranja ezarri zuten hilaren 15etik 17ra bitartean. Eguraldiaren iragarpenei aurre egiteko neurriak hartzeko ahalegina egin zutela azaldu du alkateak, baina zaila izan zela. "Egoera hobeto eramaten lagundu zuten neurriak hartu genituen, baina ez zen lan erraza. Adibidez, pilota partidak jokatu ziren egunetan, ur botilak doan banatu genituen frontoian, eta haizagailuak ere jarri genituen, baina denok sufritu genuen beroagatik. 90 urteko herritarrei egindako bazkari omenaldian 250 pertsona bildu ginen Elkargunean, eta bertan ipinitako haizagailuak eta aretoko aire-girotuko gailuak ez ziren nahikoak izan beroari aurre egiteko. Garrantzitsuena da ez dela inolako jazoera tamalgarririk izan muturreko tenperaturengatik".
Aurreko festa egunetako beroaren ondoren, euri egiteko arriskua iragarri zuten hilaren 18rako. Ondorioz, herritarrek paella herriko plazan jan beharrean, Azoka Plazan eta plazako arkupeetan jan behar izan zutela gogorarazi du alkateak.
Eskertuta
Eguraldia eguraldi, lehor ala busti, abuztuaren 14tik 18ra arteko egunak jardueraz betetakoak izan direla esan du Azkoitiak, nahi zuen guztiak ondo pasatzeko aukera izanda. "Espero dut andremariek zapore ona utzi izana festarekin bat egin duten denei", gaineratu du hark.
Azkoitiko Udalaren izenean alkateak eskerrak eman dizkie pertsona, erakunde eta elkarte guztiei festei eta herriari egindako ekarpenarengatik. "Udalaz gain, asko eta asko dira inplikatzen direnak dena ondo atera dadin, eta haien lanari balioa eman behar zaio eta gure eskerrik beroenak ere bai".
Andremarien inguruko "balorazio sakonagoa" udalak irailean egingo duela aurreratu du alkateak: "Irailean logistikaren, eraginkortasunaren edo programazioaren ikuspegitik egon daitezkeen akatsak zuzentzeko edota berrikuntzak edo hobekuntzak txertatzeko egingo da balorazio hori".