Apar festa, Skapaierekin kalejira eta zezena izan dira festetako azken arratsaldeko entretenigarriak

Aitziber Arzallus 2025ko abu. 18a, 20:23

Skapaie elektrotxarangaren doinuetara hara eta hona pasatu dute arratsaldea dozenaka herritarrek, eta Plazaberrin ere jendetza batu da zezenare bueltan. Umeek, berriz, gozatua hartu dute Balda plazako apar festan. Horiekin, aurtengo andremariak azken txanpan sartu dira. Tapia eta Leturiaren kontzertua eta suzko zezena besterik ez dira falta udalaren egitaraua bukatzeko.

Andremarietako azken egunari ordu batzuk besterik ez zaizkio gelditzen, baina azkoitiarrak oraindik ez daude etxera joateko. Gaur Kuadrillen Eguna izanik, ehunka lagunek herri bazkaria egin dute Azoka Plazan eta inguruko aterpeetan jarri dituzten mahaietan, eta behin sabela beteta eta indarrak hartuta, azken txanpari ekin diote. 

Gaur arratsalderako ere ekitaldi ugari eta askotarikoak zituzten antolatuta, eta jende asko ibili da haietan guztietan. Umeek, esaterako, gozatua hartu dute Balda plazako apar festan; gazte asko eta asko Skapaie elektrotxarangarekin kalejiran ibili dira; eta zezenzaleek Plazaberrin izan dute hitzordua.

Ondoren, UK03 txarangak hartu du kaleak girotzeko ardura, eta hara eta hona ibiliko ta taldea, 21:30ean plazan Tapia eta Leturiaren kontzertua hasten denera arte. Emanaldia bukatu ostean, suzko zezena aterako dute, festetako azken ekitaldi gisa. Hala ere, asko izango dira gutxienez tabernak itxi arte parrandan jarraituko dutenak, eta artean etxera joan nahi ez dutenek, Matadeixen izango dute luzatzeko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide