Aurtengo andremarietako bosgarren eta azken eguna dute gaur Azkoitian, Kuadrillen Eguna hain zuzen ere, eta gelditzen zaizkien indar apurrak festan agortzeko intentzioa dute herritarrek. Hala ere, hasi, sano hasi dute eguna, kirol ekitaldi batekin. Balda Plazan izan da hori; kaleko atletismo erakustaldia eskaini dute Gipuzkoako hainbat tokitako atletek, Xeyeren eskutik.
Haiek saioa bukatzerako, koloretako alkandora deiagarriak soinean zebiltzan herritarrak kalean hara eta hona, herri bazkariaren aurretik poteoan, eta UK03 txaranga ere batera eta bestera ibili da herria girotzen.
Bien bitartean, Kontzejupean gogor aritu dira herri bazkarirako otordua prestatzen. 14:30ak aldera hasi dira kuadrillak Azoka Plazan eta inguruko aterpeetan jarri dituzten mahaien bueltan jartzen. Izan ere, euriaren beldur, plazan egitekoak ziren bazkaria aterpean egitea erabaki dute antolatzaileek.
Jaietako azken eguna izanik, etxerako presarik gabe ibiliko dira gaur azkoitiar gehienak, eta kalean dabiltzan bitartean izango dute zertaz gozaturik. Hona hemen datozen orduetako egitarau:
- 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezena, Plazaberrin.
- 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
- 19:30. UK03 txaranga.
- 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan.
- Ondoren, suzko zezena, plazan.
- 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
- 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.