Andremarietako azken aurreko eguna izan da gaurkoa, Baserritarren Eguna hain zuzen, eta goiza bezalaxe, arratsaldea ere ekitaldiz jositakoa izan da. Batetik, eta urtero bezala, aurten 90 urte betetzen dituzten gizon-emakumeei omenaldi egin diete udalak eta Plazaondo jubilatuen elkarteak. Meza entzun ostean, Elkargunean elkartu dira omenduak eta euren familiak elkarrekin bazkaltzeko.
2025ean, 49 gizon eta emakumek beteko dituzte 90 urte, eta omenaldian horietatik 21 izan dira. Ana Azkoitia alkateak zorion hitzak zuzendu dizkie omenduei, tartean, bere aitari. Izan ere, gaurko bazkarian alkate eta alaba gisa parte hartzea egokitu zaio. "1935ean jaioak zarete gaurko omenduak. Gure historiaren atal askoren lekuko izan zarete, batzuk zorionekoak, besteak, oso beltzak. Guztiak gainditu dituzue. Hori da zuen lorpena, bizipen horiek guztiak daramatzazue barruan, eta horiek egiten zaituzte zaretena. Zuen jakituria, eskarmentua eta maitasuna jasotzeko aukera dugunok, pribilegiatuak gara", adierazi du alkateak.
Plaza Ondo elkarteko arduradunek eta udal ordezkariek oroigarri bana eman diete omenduei, eta jarraian trikitilarien emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute.
Gustu guztietarako ekitaldiak
Adinekoek eta haien familiek Elkarguneko egonaldia bukatzerako, beste batzuk musean hasiak ziren txosnagunean. Azkoitiko Gazte Asanbladak antolatuta, IV. Mus Txapelketa jokatu dute gaurkoan, eta 30 bikote izan dira parte hartu dutenak. Denetan onenak Pedro Garcia eta Juan Ignacio Martin izan dira, eta bigarren gelditu dira Javier Lanzeta eta Jesus Muruaga.
Haurrek eta gaztetxoek Gaztaneneako parke estaliaren bueltan izan dute arratsaldeko jarduera entretenigarria. Bizijolas izenpean, Bizilore eskolako kideek hainbat eratako jolasetan ibiltzeko aukera eskaini diete bertaratu diren umeei. Baziren oreka lantzeko jolasak, punteria zorroztekoak, ukimena erabiltzekoak, buruari eragitekoak eta abar. Dozenaka izan dira haietan ibiltzeko aukera aprobetxatu duten umeak, eta familia giroa atsegina izan da arratsalde guztian.
Balda plazan, berriz, Dantzari Bikote Nagusien Txapelketa izan da arratsaldean. Zortzi bikotek hartu dute parte, eta Lezotik (Gipuzkoa) eta Sopelatik (Bizkaia) etorri diren Maren Galvez eta Gorka Granado gailendu dira, epaimahaiak hala erabakita. Bigarren eta hirugarren sariak Azpeitira joan dira. Bigarrena Jone Arriaranentzat eta German Aranbururentzat izan da, eta hirugarrena, Nora Aizpururentzat eta Iker Zabala bikotearentzat.
Gaurko dantza saioan gogoan izan dituzte oraintsu hildako bi herritar, Alazne Gonzalez Larrañaga eta Joseba Azpitarte Odriozola, eta haiei eskaini diete saioa. Biek ala biek dantza bikotea osatzen zuten, eta dantzan oroitzea nahi izan dute dantzariek. Denak dolu xingola beltzekin igo dira oholtza gainera.
Arratsaldeko azken ekitaldia Inazio Iriarte margo lehiaketaren 42. edizioko sari banaketa izan da, Portaleburun. Bazter ezberdinetatik etorritako hamabi lagunek hartu dute parte gaurko gaurkoan, eta antolatzaileek arrakastatsutzat jo dute aurtengo aldia ere, aurkeztutako lanen kalitatea "punta-puntakoa" izan dela eta.
Lehenengo saria Portugalete (Bizkaia) Jose Luis Lopezek jaso du Azkoitiko plaza margolanarengatik. Bigarren saria San Martin lanarengatik, Iker Mugarrarentzat izan da eta hori ere Bizkaiara joan da; eta hirugarrena, Porru kaletik gasolindegira izenekoa, Javier Igoa nafarrak eraman du.
Epaimahaia Udane Juaristik, Juan Mari Arrizabalagak, Valentin Manterolak, Arantxa Aldalurrek, Juan Bautista Mendizabalek, Iraitz Otañok eta Sonia Vazquezek osatu dute. Imanol Kerejeta oroituz ekin dio Juan Bautista Mendizabalek sari banaketari.
Biharkoa, Kuadrillen Eguna, izango da andremarietako bosgarren eta azken eguna, eta geratzen zaizkien indar apurrak hor xahutuko dituzte azkoitiarrek. 11:00etan hasita goizaldeko ordu txikiak arte zer ikusirik, entzunik eta eginik ez da faltako han eta hemen. Hona hemen biharko egitaraua oso-osorik:
Bihar, Kuadrillen Eguna:
- 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
- 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
- 12:30. Kuadrillen arteko jolasak txosnagunean.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezena, Plazaberrin.
- 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
- 19:30. UK03 txaranga.
- 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan.
- Ondoren, suzko zezena, plazan.
- 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
- 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.
(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Azkoitiko Udala)