Azkoitiko Udalak bart herrian izan den eraso matxista baten berri eman du. Erakundeak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eman dio erasoaren berri; hain zuzen ere, emakume batek salaketa jarri duela eraso sexista jasan duelako. Udalak irmoki gaitzetsi du gertatutakoa eta berdintasunaren aldeko aldarria egin du, "emakumeen askatasunaren eta duintasunaren kontra doan edozein ekintza onartezina dela" esanda.
Ana Azkoitia alkateak errespetuz eta gizatasunez jokatzeko deia luzatu du beste behin, eta lekukoei jarrera desegokiak salatzeko eskatu die, beste aldera begiratu gabe. "Genero desberdintasunaren eta indarkeriaren aurrean, begirada kritikoa izan behar dugu, tolerantzia zero, hain zuzen".
Udalak herritarrei jakinarazi die erasoren bat jasaten badute edo erasoren baten lekuko izaten badira, hainbat bide dituztela horri aurre egiteko.
Sexu Bizi gune morea
Erasoen kasuan babes gunea eskaintzen duen Sexu-Bizi Gune Morea zerbitzua gaur 23:30etik 02:30era eskainiko da, eta hilaren 18an, astelehenean, 22:30etik 01:30era. Gune Morera hurbiltzen diren pertsonek sexualitateari buruzko informazioa eta aholkularitza ere eskura dituzte.
Laguntza jasotzeko honako telefono zenbakiak ere jarri ditu herritarren eskura:
- Larrialdietarako: 112
- Udaltzaingoa: 943 -85 71 71
- Urola Kostako Ertzaintza: 943-08 37 80
- Indarkeria matxista 900-840 111 / 016
- Hariberri sexu indarkeriari arreta integrala: 900-840 188
- LGTBIfobia: 028
- Arraza edo etnia diskriminazioa: 021