Bart gauean, andremarietako aurreneko festa egunean, gizon batek adin txikiko neska bat erasotu zuela salatu du Urola Erdiko Itaiak. Sare sozialen bidez gaitzetsi dute erasoa. Antolakundeko kideek Gukari zehaztu diotenez, gizonak "askotarik ukituak" egin zizkion hamazazpi urteko neskari herriko taberna batean. Horren berri jaso zuen Itaiak, eta "eraso matxisten aurkako jarrera irmoa" agertu nahi izan du. Ez dute mobilizaziorik deituko, baina nabarmendu dute garrantzitsua dela festek irauten bitartean "eraso matxista ororen aurkako jarrera aktiboa" izatea.
Hori dela eta, gogorarazi dute Itaiaren erasoen aurkako protokoloa indarrean izango dela abuztuaren 19 gauera arte. Izan ere, festen hurrengo egunean ere martxan izango dute telefono zenbakia. Itaiaren protokoloa aktibatzeko 613 637 385 zenbakira dei dezakete herritarrek; 24 orduz izango dute martxan.