Atzo Azkoitia Gukan argitaratutako eskutitzaren harira, haren egileak arrazoi guztia duela onartu beharra dugu. Azken urteetan Correosek hartu dituen antolakuntza erabakiek zerbitzuaren kalitate galera ekarri dute Azkoitian eta beste herri askotan. Azkoitian, orain bost urte, bulegoan jendearen aurrean bi langile aritzen ziren lan aldi osoan lanean, eta banaketan, berriz, goizetan bost lagun lanaldi osoan eta arratsaldeetan bat lanaldi erdian.
Urte hauetan, jubilatzen diren langileak ez ordezkatzea erabaki du Correosek, edo lanaldi murriztuarekin kontratatzea ordezkoa. Horri gehitu behar diogu gaixotasun bajak edo oporrak ez direla behar bezala ordezkatzen. Guzti horren ondorioz momentu hauetan Azkoitiko Correosen bezero arretan langile bakarra dago, eta banaketan goizetan hiru eta arratsaldeetan bakarra.
Zerbitzu publikoa izanik, Correosek kalitatea eta zerbitzua izan beharko lituzke helburu, eta ez etekin ekonomikoa, baina azken urteetan zuzendaritzak hartu dituen erabakiak bide horretatik joan dira. Correoseko langileen adinaren batez bestekoa altua da, baina erreleboa ez da behar bezala prestatu, eta horrek beteranoen jakituria galtzea eta hasi berri direnen prestakuntza falta ekarri ditu.
Guztiak izan gara hasiberriak eta denbora behar izan dugu ikasteko, baina hori azkarrago lortzen da maisu onak baldin baditugu. Langile eta esperientzia faltari azken asteetako eguraldi beroak direla-eta banaketa orduak murriztu behar izana gehitu behar zaio, eta ondorioz, 10.000 eskutitz, aldizkari eta gutunazal baino gehiago daude egun hauetan Azkoitiko Correosen ezin aterata.
Langileek egoera salatu dute, baina Correoseko agintariek ez dute neurririk hartzen. Zerbitzua hobetzea nahi baldin badugu, herritarron laguntza beharko dugu, eta bide onena kexak jartzea da; ea modu horretan zuzendaritzak entzungor egiteari utzi eta arazoari irtenbidea ematen dion.