Duela aste batzuk jakin zen Azkoitiak erraldoi berri bat estreinatuko duela datozen andremarietan, emakume pilotariarena. Iñigo Borda artistak egin du figura Azkoitiko Udalaren eskariz, eta bihar, txupinazoaren ostean, aterako da aurrenekoz Azkoitiko kaleetara. Udalak dagoeneko zabaldu du erraldoi berriaren lehen irudia, aurrerapen gisa, erraldoia festarako prest dagoenaren seinale.
Orain arte, gizon itxurakoak ziren bi pilotari erraldoiak, eta parekidetasuna "justiziazkoa" delako eta emakume pilotarien figura balioesteko asmoz eraldatu dute horietako bat. Hain zuzen, berdintasunaren bidean egindako "urrats txiki bat" dela azaldu du udalak: "Azkoitia pilotaren sehaska dela esan ohi dugu, eta sehaskari emakumeek eutsi izan diote. Pilotaren munduan gizonek zein emakumeek egin izan dute ekarpen handia, bakoitzak egokitu izan zaion lekutik. Horregatik, bidezkoa da gizon eta emakume pilotariak ateratzera herriko kaleetara, biak ala biak ondoan eta bidelagun".
Horrenbestez, Azkoitiko erraldoien konpartsa osatzen duten indiarrekin eta baserritarrekin batera aterako dira bihar gizon pilotaria eta arreta guztia bereganatuko duen emakume pilotaria.