Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, jaien atarian prebentzio neurriak hartu ditu, "inork nahi ez dituen" gertakariak saihesteko. Hain zuzen, udaleko Berdintasun eta Prebentzio arloak andremari jaiak berdintasunean eta eraso sexistetatik aske ospatzeko deia egin du.
Horri lotuta, jaietako hiru egunetan –hilaren 14an, 16an eta 18an– Sexu Bizi gune morea zerbitzua eskainiko dute parrokiaren aurrean. Sexualitate eta harreman osasungarriak sustatzea du helburu gune horrek, eta hilaren 14an eta 16an 23:30etik 02:30era eta hilaren 18an 22:30etik 01:30era egongo da martxan.
Udalak azaldu duenez, gune horretara joaten diren pertsonek sexualitateari buruzko informazioa eta aholkularitza jasoko dute, eta gainera, erasoen kasuan, babes gunea ere eskainiko dute zerbitzuaren baitan.
Bestalde, alkoholaren eta drogen kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko xedez, informazio eta sentsibilizazio puntua jarriko dute festetan herrian. Hilaren 14an eta 18an eskainiko dute zerbitzua parrokiaren aurrean: etzi 23:30etik 02:30era; eta jaietako azken egunean 22:30etik 01:30era. Halaber, hilaren 16an, larunbatez, zerbitzu ibiltaria eskainiko dute.
Betaurreko moreak
Erasoen aurkako prebentzio kanpainaren barruan, Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak betaurreko moreak banatuko ditu herritarren artean. Berdintasunaren aldeko aldarrikapenaren metafora kalera eramango du erakundeak; izan ere, festetan ere, genero desberdintasunaren eta indarkeriaren aurrean begirada kritikoa sustatzea nahi dute.
Betaurrekoak bi egunetan banatuko dituzte: etzi, Andremari bezpera, 10:30etik 11:30era, eta hilaren 18an, Kuadrillen egunean, 11:00etatik 12:00etara. Plazan egingo dute banaketa.
Inklusioa sustatzeko
Horrez gain, behar bereziak dituzten pertsonek barrakez gozatu dezaten, musika kenduko dute jaietako bost egunetan, 18:00etatik 19:00etara bitartean. Gainera, horiek lehentasunezko sarbide txartela erabili ahal izango dute, ilarak saihesteko.
Era berean, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako eremu bat egokituko dute plazan, kontzertuetarako nahiz bestelako ekitaldietarako. Marea Urdina elkartearekin elkarlanean egokituko dute gunea, eta mugikortasun arazoak nahiz bestelako zailtasunak dituzten herritarrek handik ikusi ahal izango dituzte bai kontzertuak, bai film laburren proiekzioa. Udalak azaldu duenez, pertsona bat arduratuko da eremua kudeatzeaz eta behar duenari laguntza emateaz.