Intza Lizarazu da Iraurgi Saskibaloi Taldearen lehendakari berria

Julene Frantzesena 2025ko abu. 12a, 15:51

Intza Lizarazu artxiboko irudi batean.

Saskibaloi jokalari ohiak hartuko du 2014tik lehendakari karguan izan den Maier Lizasoren postua. Iraurgik ekainean hasi zuen zuzendaritza taldea berritzeko prozesua, eta gaur egungo zuzendaritzak Lizarazu proposatu zuen lehendakari posturako. Beste hautagaitzarik ez denez proposatu, hark hartuko du kargua.

Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) saskibaloi jokalari ohia da Iraurgi Saskibaloi Taldearen lehendakari berria. 2014tik kargu horretan izan den Maier Lizasoren lekukoa hartuko du Lizarazuk datorren denboralditik aurrera. Iraurgik esker hitzak izan ditu 11 urtez lehendakari izan den Lizasorentzat, egindako lanagatik.

Iraurgik zuzendaritza taldea berritzeko hauteskunde prozesua hasi zuen joan zen ekainean egin zuen batzar orokorrean. Gaur egungo zuzendaritzak proposatu zuen Lizarazu lehendakari izateko, eta beste hautagairik aurkeztu ez denez, hark hartuko du kargua.

Azkoitiarrak 23 urtez jokatu du ISB taldean, eta aurten utzi ditu kantxak alde batera kapitain izan denak. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak kirolari nabarmenduaren saria eman zion, ISB klubarekiko erakutsi duen "leialtasunagatik".

ISBko zuzendaritza taldeko gainontzeko karguetan gaur egungo ordezkariek jarrai dezatela proposatu zuen zuzendaritzak, eta hala izango da; Maitane Gurrutxaga ariko da Ekonomia sailean, Igor Mantzizidor Ekintzak sailean, Luis Agirre teknikari lanetan eta Stephanie Thurman idazkari lanetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide