Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak kirolari nabarmenduaren saria eman dio Intza Lizarazuri

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 12a, 10:00

Intza Lizarazu, ezkerrean, Gisaski galan. (GSF)

Iraurgi saskibaloi taldean egin duen ibilbide luzea amaitu berri du Azkoitiko kirolariak, eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak bere "leialtasun ukaezina" goraipatu zuen atzo, denboraldi amaierako Gisaski galan.

Intza Lizarazu Azkoitiko saskibaloi jokalariak kirolari nabarmenduaren saria jaso zuen atzo arratsaldean, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak Zarauzko Modelo aretoan egin zuen Gisaski galan. Iraurgi taldean 23 urtez jokatu ostean, Lizarazuk aurten utzi ditu saskibaloi kantxak eta, hain zuzen, bere "ibilbide eredugarria" eta klubarekiko erakutsi duen "leialtasuna" goraipatu zuten federaziokoek denboraldi amaierako ekitaldian.

Gisaski galaren bidez, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak aitortza berezia egin zien urteetan zehar lurraldeko saskibaloiaren garapenean funtsezkoak izan diren pertsonei. Bada, atzokoan, Intza Lizarazuk jaso zuen kirolari nabarmenduaren aitortza. Goizane Alvarez kirol diputatuak eman zion saria.

Iker Gurrutxaga kazetariak aurkeztu zuen Gisaski gala, eta kirolari azkoitiarraren "ibilbide eredugarria" goretsi zuen. Bere klubarekiko "leialtasun ukaezina" eta "Gipuzkoako emakumezkoen sasibaloian duen eragin positiboa" ere nabarmendu zituen aurkezleak.

Saria jasotzerakoan, Lizarazuk agertu zuen ez zuela halako aitortzarik espero, eta eskerrak eman zien Gipuzkoan saskibaloia hauspotzen duten pertsona guztiei: "Zuek gabe ez zen posible izango".

Azkoitiko saskibaloi jokalariak elkarrizketa honetan adierazi zuenez, ISBn egin duen ibilbide luzea "naturala" izan da. "Iraurgi dena da niretzat, gaur egun naizena izaten lagundu didan familia da", esan zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide