Dantza sueltoa, guztien gozamenerako

Kris Fernandez 2025ko abu. 16a, 09:00

Bi dantzari.

Euskal dantzak errotuta daude, eskualdean orokorrean, eta herrian zehazki, eta horren erakusle da Azkoitiko Balda plazan egiten den txapelketak ikusle ugari biltzen dituela urtero-urtero. Bihar izango da hitzordua (18:00), eta gazteen mailako lehia tokatzen bazen ere, helduena izango da; izan ere, 16 urtetik beherako dantzari gutxik eman zuten izena. Andremari festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Andremaria festen barruan, hamaika ekintza eta ekitaldi antolatzen dituzte udalak eta herriko eragileek. Bost egunetan atsedenik gabeko egitaraua izan ohi dute azkoitiarrek. Eta bada urteroko egitarauan bere lekua egina duen hitzordu bat: jaien laugarren egunean, abuztuaren 17an, egin ohi den dantza sueltoko txapelketa. Hitzordu hori Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak antolatzen dute elkarlanean.

Euskal dantzak errotuta daude, eskualdean orokorrean, eta herrian zehazki, eta horren erakusle da urtez urte Balda plazan egiten den txapelketaren bueltan elkartzen den ikus-entzule kopurua. Dantza suelto txapelketak 80. hamarkadatik egiten dira Azkoitian. Hala azaldu du Antton Mendizabal Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko dantza sueltoko koordinatzaileak: "Gutxienez 80ko hamarkadatik ospatu izan dira txapelketak Azkoitian. Azken urteetan txandaka antolatzen dira; urte batean helduena egiten da, eta hurrengoan, berriz, gazteen mailakoa. Dantza sueltorako tradizio handia izan da beti Azkoitian, eta historikoki dantzari bikote ugari izan dira herrian".

Hori horrela izanik, andremarietako hitzordua finko bilakatu dela gaineratu du Mendizabalek: "Inoiz ezin da esan egonkortutako lehiaketa denik, baina esan dezakeguna da udalak txapelketaren antolaketarekiko konpromiso handia erakutsi izan duela beti, urtero nahi izan duela txapelketa antolatu. Beraz, finkoa bada hitzordua, urtero andremarietako egun eta ordu bererako antolatzen delako: abuztuaren 17an izaten da, 18:00etan".

Antolaketan buru-belarri

Aurtengoan, bikote gazteen txanda zen izatez, baina bikote gutxi animatu direnez, helduena izango da lehia. Azkoitiko Udalak prestatzen ditu txapelketaren oinarriak, eta gero, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra arduratzen da antolakuntzaz.

Txapelketaren egunean epaimahai bat ariko da dantzarien lana baloratzen, eta aditu horiek lau ezaugarri hartuko dituzte kontuan erabakia hartzerakoan. Batetik, atal teknikoari dagokionez, pausoak eta gorputzaren nahiz espazioaren erabilera hartuko ditu aintzat; eta bestetik, alde artistikoa eta erritmoaren zein doinuaren interpretazioa.

Txapelketa irabazten duen bikoteak 180 euro, garaikurra, txapela eta zapia eskuratuko ditu, eta bigarren sailkatzen denak, berriz, 160 euro eta garaikurra. Halaber, hirugarren egiten duen bikoteak 150 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Bestalde, saririk jasotzen ez duten bikote guztiek 110 euro jasoko dituzte, laguntza gisa.

Azkoitiko txapelketan dantzan aritu izan diren bikote asko ezagunak izan dira ikusleentzat: izan ere, herriko hainbat eta hainbat dantzari lehiatu izan dira edizioz edizio. "Azken urteetan herriko bikote gutxi izan diren arren, Azpeitiko ordezkaritza gorakada nabarmena izaten ari da", azaldu dute antolatzaileek.

Gatza eta piperra

Abuztuaren 17an Balda plazara gerturatzen direnek –eguraldi txarra egiten badu Baztartxo antzokian egingo dute–, beraz, euskal dantzen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute beste urte batez. Giro ederra ziurtatuta izango dela esan dute Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko arduradunek, Azkoitian eta Urola Kostan dantzarako zaletasun handia baitago. "Bereziki Azkoitian eta Azpeitian gustukoak dira euskal dantzak, eta bi herri horietan antolatzen diren txapelketetan beti biltzen dira ikusle asko. Gainera, txapelketek beti izan ohi dute gatza eta piperra; txapelketek ikusleak erakartzen dituzte. Azkoitiko hitzorduan ere hala izango den zalantzarik ez dugu", esan du Iturriak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide