Iritzia

Azkoitiko txosnak; hartu-emanen eredu berriak eraiki nahian

Inge Arriola (Azkoitiko Gazte Asanbladako kidea) 2025ko abu. 12a, 09:00

Txosnaguneko irudia.

Inge Arriola Azkoitiko Gazte Asanbladako kideak Azkoitia Gukak Andre Maria festen egunkarirako idatzitako edukia da honako hau.

Aurten ere, andramaixetan Azkoitiko Gazte Asanbladako kideok txosnak jarriko ditugu martxan Goiko Losan. Urtero bezala, bertako kideok ilusioz eta gogoz ekingo diogu festetako erronkari. Txosnak, jai giroko espazioak izateaz gain, asanbladarentzat eta bertan parte hartzen duten eragileentzat ezinbesteko tresna dira urtean zehar egiten diren borrokak kalera ateratzeko. Abuztu erdiko egun berezi hauetan, borroka horiek guztiak presente edukitzeari eta aldarriek beren lekua izateari garrantzi berezia ematen diogu. Izan ere, ulertzen dugu jai giroan murgilduta egon arren, ezin garela ahaztu gaur egungo gizartean bizi ditugun bidegabekeriez eta askotariko aldarrikapenez.

Zehazki, aisialdi kapitalista eta kontsumitzailetik at, hartu-emanen eredu berriak eraiki nahi dituen tokia da Azkoitiko txosnagunea. Era berean, egunerokotasunean langileria azpiratzen duten arazo zein gatazka politikoek beren eremua izango dute, izan nazioarteko egoerari dagozkion gatazkak, izan herriko langileek pairatzen dituztenak. Gainera, gure helburua parrandarako giro segurua eraikitzea denez, ez da inolako erasorik onartuko txosnagunean, eta horren adibide dira festetako egunetan aktibo izango ditugun erasoen aurkako protokoloak.

Berrikuntza moduan, abuztuaren 16ari kolore berezia eman nahian gabiltza. Aurreko urtean lehen aldiz martxan jarritako Gazte Eguna ospatuko dugu egun horretan. Izan ere, badugu sentipena herrian gure kuadrilletatik kanpoko jendearekin harremanak izateko espazioak falta zaizkigula. Zoritxarrez, horretarako aukera tabernetan eta gaueko parranda giroan suertatzen da kasu gehienetan. Horri erantzun bat emateko asmoz, beharrezkoa ikusten genuen herriko gazteok elkartzeko egun berezi bat izatea, elkarren interesak eta nahiak partekatzeko eta eztabaidak sustatzeko elkargune bat sortzea. Gauzak horrela, txosnen antolakuntzan gabiltzanok gogo bereziarekin jarraituko dugu Gazte Eguna antolatzen andramaixetan, eta espero dugu urte luzez iraungo duen egun bat bilakatzea.

Ildo beretik, gogorarazi nahi dugu AGA espazio ireki eta parte hartzailea dela, herriko gazteok herriko gazteentzat sortua. Benetan uste dugu txosnek beren esentzia galduko dutela ez baditugu herritar guztion artean prestatzen eta antolatzen. Guztion gustuko txosnak izateko, beharrezkoa baita guztion parte hartzea eta iritzi trukea. Urtetik urtera egitarau beteagoa eskaintzen eta ahalik eta azkoitiar gehienen gustuko txosnak sortzen saiatzen ari garenez, mezu honen bitartez dei egin nahi diogu herriko festak antolatu nahi dituen orori txosnetan parte hartzeko. Azkoitiko Gazte Asanbladaren Instagram kontuaren bitartez egiten ditugu deiak: asteroko bilera irekietan parte hartzeko, aurreko egunetako txosnen muntaia egiteko, barrako txandetan parte hartzeko, pankartak egiteko... Guztion interesetara egokitutako txosnak antolatzeko, parte hartze oro ongietorria izango da andramaixetan.

Antolatuz eta parte hartuz, ondo pasatu andramaixek!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide