Azokaren izena eta izana, festen txinparta piztera

Kris Fernandez eta Ane Olaizola 2025ko abu. 8a, 15:33

Berdura Plazaran ataria, artxiboko irudi batean. (Utzitakoa)

Aurten 120 urte dira Berdura Plaza kokatzen den eraikineko obrak amaitu zituztela, eta justu 100 urte, ibai gaineko eraikinaren proiektu osagarria landu zutela. Data bereziak ospatzeko, Mila Gorostegik eta Zumeta baserriko Irati Amianok piztuko dute jaien hasierako suziria. Andre Maria festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Garia eta beste ale batzuk erosi, saldu eta biltegiratzeko erabiltzen zen eraikin publikoa da alondegia, nahiz eta denborarekin beste merkantzia batzuetarako ere erabili izan den. Leku batzuetan, prezioak kontrolatzeko eta elikagaiak banatzeko erabiltzen zen, batez ere eskasia eta, beraz, gosete garaian. Azkoitiko kasuan, gune hori udaletxearen aurreko eraikina zen, baina leku eta espazio falta zela eta, Torre Zuri etxea erostea erabaki zuen udalak, alondegi berria han kokatzeko; eskolak eta azoka bilduko zituen eraikina izan zedin. Manuel Etxabe arkitektoak diseinatu zuen eraikin berri hura XX. mendearen hasieran. Urte batzuk geroago, ordea, plaza horren espazioa handitzea aztertzen hasi ziren, ibaiaren zati bat estaliz.

Ordutik, gaur egungo eraikina da herriko Berdura Plaza. Baina urte horietan guztietan hamaika eraberritze, moldaketa eta prozesu bizi izan ditu eraikinak. Garrantzitsuenetarikoak azken hogei urteetan izan dira: 2009an, adibidez, eraikinaren fatxada konpontzeaz gain, salerosketa gunea ere berritu zuten. Azoka biziberritzeko asmoz, berriz, plan integrala aurkeztu zuen udalak 2021ean. Dokumentuak azokaren eredu propioa garatzeko bide orria markatzen zuen, eta hori guztia aurrera eramateko lan mahaia osatzea proposatu zuten. Urte horretan bertan eratu zuten taldea ekoizleen ordezkariekin, Urkome landa eremuen garapenerako elkartearekin, Herrixen merkatari elkartearekin eta udal ordezkari eta teknikariekin.

Behin egoeraren diagnostikoa izanda, lan mahaiaren egitekoa izan zen aurrera begira eman beharreko pausoak lehenestea eta aktibatu beharreko ekintzak zehaztea. Diagnostikoak azokaren indarguneak eta ahuleziak azaleratu zituen, eta gunea biziberritzeko bost ardatz finkatu zituzten: azpiegiturak, azoka komunitatea eta komunikazioa, dinamizazioa, etorkizuna –erreleboaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik– eta gobernantza. Orain arteko lanketa Azkoitiko azoka Gipuzkoako Azoken Sarean sartzearekin batera hasi zen, eta Urkome atxikita dagoen Landaola elkartearen, Elika fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalaren artean egin da.

Hainbat lagun azokan, erosketak egiten.

Bestalde, 2024an azken eraberritze lanak egin zituzten eraikinean. Jarduketa horietan hainbat lan gauzatu zituzten: batetik, estalkia berritu zuten, sabaiko fibrozementuzko plakak erretiratu zituzten eta egurrezko egitura duen estalkia jarri zuten. Halaber, kanpoko ate metalikoak pisu izugarria zuenez, erdi irekita egon ohi zen, aire korrontea sortuz. Horregatik, lau sarrera nagusietan gidaridun ate automatikoak jarri eta barne atondoak eraiki zituzten. Ateez gain, instalazio elektrikoak eta luminariak berritu zituzten LED argiteria jarrita, eta pintaketa lanak ere gauzatu zituzten. Irisgarritasunari dagokionez, Ibaiondo kaletik sartzerakoan, bi maila zeuden aurrez, eta horien ordez, arrapalak jarri zituzten.

Errekauek

Azken urtean, berriz, aro digitala iritsi da Berdura Plazara, Errekauek proiektuarekin. Maiatzean abiatu zuten egitasmoari esker, ekoizleek bezeroen gaur egungo beharretara egokitzeko erraztasunak dituzte. Izan ere, azokara edota saltokietara hurbildu ezin duten bezeroei bertako produktuak kontsumitzea ahalbidetzen die zerbitzuak, etxean edo kontsignan jasotzeko aukera emanez.

Zerbitzua egunero eta 24 orduz dago martxan. Nolanahi ere, eskaerak telefono dei bidez egiten dituztenek honako ordutegi honetan egin behar dituzte: goizez, 08:00etatik 09:00etara, eta arratsaldez, 15:00etatik 16:00etara.

Eskaerak jasotzeko ordutegi bat ere zehaztuta du zerbitzuak, herritarrek dituzten beharretara egokituz. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan goizez jaso ditzakete herritarrek eskaerak etxean, eta astearteetan eta ostegunetan, arratsaldez. Erosketak Berdura Plazako kontsignan jaso nahi dituztenek, ostera, 06:30etik 21:30erako tartea dute egunero. Produktuak saltokian bertan jaso nahi dituztenek, berriz, haren ordutegira egokitu behar dute.

Aldaketa horiek guztiek hobekuntzak ekarri dituzte eraikinera; hala uste du, behintzat, Otzarreta harategiko Joxean Lizarraldek: "Hobekuntzak egin dira, eta hori oso ondo dago, baina horrek langile gehiagoren falta ekartzen du asteburuetako ordu horiek egiteko. Gazteak horretan hastea gustatuko litzaidake. Askoz erosoagoa da orain azoka, ate berriekin ere beroagoa da, neguan hotza da eta. Saltzaile gazteak behar dira, erreleboa falta da. Ez da lan erraza: asteburuak, ordu asko... Baina etorkizuna ez dut horren beltza ikusten, Azkoitiko Berdura Plaza beti mantenduko delakoan nago".

Izan ere, plaza hori beti izango da berezia, eta beti eskainiko du produktu berezia: "Bertako produktua eskaintzen du Berdura Plazak, eta gure kasuan, adibidez, etxean hazitako txahala eta aurrez guk prestatutako jakiak saltzen ditugu. Berdura Plazak hori du ona, dena bertakoa eskaintzen duela. Poliki-poliki saltoki eta ekoizle berriak hasi dira bertan lanean, baina denen produktua bertakoa da. Eroslez ere ondo dabilela esango nuke; agian, astean zehar gutxiago ibiltzen da. Ostiraletan jende asko, eta zapatuetan ikaragarria izaten da. Asko nabari da gazteek ez dutela batetik bestera mugitzeko ohiturarik erosketak egiteko".

Urteurreneko txupinazoa

Eraikinaren historia guztia errepasatuz, beraz, aurten 120 urte dira Berdura Plaza kokatzen den eraikineko obrak amaitu zituztela, eta justu 100 urte, ibai gaineko eraikinaren proiektu osagarria landu zela. 1903an Manuel Etxabe arkitekto donostiarrak egin zuen eraikinaren proiektua, gerora azoka, alondegia eta eskolak hartuko zituena. 1905ean amaitu zituzten obrak, Nicolas Unanue azpeitiarraren eskutik. 1925ean, berriz, eraikina handitzeko proiektua egin zuen Tomas Bilbao arkitekto bilbotarrak, eta Odon Prat Bellveure katalan-azpeitiarra arduratu zen lanak gauzatzeaz.

Data bereziak aintzat hartuta, Azkoitiko jaien txupinazoa botatzeko ardura izango dute azokako baserritarrek eta saltzaileek. "Abuztuaren 14an, udaletxeko balkoian izango dira azokari izena eta izana ematen dizkieten postuen sustatzaileak. Herriari eta herritarrei egiten dieten ekarpena eta ematen dieten zerbitzua eskertzeko eta aitortza egiteko baliatuko dugu jaiei ongietorria emateko unea. Azoka toki berezia izan da beti, solaserako, trukerako, denbora partekatzeko. Azokako lan mahaiak adostu du, denen izenean, nortzuek botako duten txupinazoa. Mari frutategia zeneko Mila Gorostegik eta Zumeta baserriko Irati Amianok piztuko dute suziria; nagusienak eta gazteenak, alegia. Izan ere, azokak atzera eta aurrera begiratzeko aukera eskaintzen digu", adierazi du Azkoitiko Udalak.

Zumeta baserrikoak, barazkiak saltzen.

Ilusioz daude

Amiano gazteak "harrituta" baina "ilusioz" jaso du txupinazoa jaurtitzearen albistea: "Ez nuen espero baserritarrei eta ekoizleei ematea txupinazoa botatzeko ardura, baina gustura hartzen dira horrelako berriak. Ilusioa egiten du".

Amiano 16 urterekin hasi zen Berdura Plazara joaten, amonarekin eta amarekin batera, eta egungo egoera «ondo» ikusten duen arren, "hobetu" daitekeela uste du. "Gaur egun, ordea, oso ondo egokituta dago eraikina, eta herritarrek ere oso ondo erantzun dutela uste dut". Amiano beti izan da baserritar gazteena, eta horri lotuta, "arraro" sentitu izan dela onartu du: "Egoera aldatzen ari da, eta gero eta gazte gehiago hasi dira baserriko lanetan. Aldaketa nabari dut, baina gehiago nabaritzea nahiko nuke. Gaizki ikusitako lana izan da beti baserrikoa: eguraldiaren menpe ibili behar da, oso lotua da, etorkizun zehatzik ez du...". Dena den, gauza bat argi du: "Gustatu egin behar zaizu baserria; niri gustatuko ez balitzait, ez nintzatekeen honetan arituko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide