Azokako ekoizleek eta saltzaileek botako dute andramarietako txupinazoa

Julene Frantzesena 2025ko abu. 4a, 12:23

Ana Azkoitia alkatea eta Igor Isuskiza zinegotzia festetako programak eskuetan. (Azkoitiko Udala)

Mari frutategia zeneko Mila Gorostegik eta Zumeta baserriko Irati Amianok piztuko dute jaien hasierako suziria. Udala gaur hasi da festetako egitaraua etxez etxe banatzen, eta erakundeak azaldu duenez, egitarau oparoa prestatu du jaietarako.

Azkoitio Udala gaur, astelehenarekin, hasi da andremarietako programa etxez etxe banatzen, eta egiteko horri ekitearekin jakinarazi ditu jaien gaineko xehetasunak, baita egitaraua ere. Udalak azaldu duenez, adin eta gustu guztietako herritarrentzako egitaraua prestatu dute.

Hain zuzen, azokako ekoizleek eta saltzaileek botako dute aurtengo txupinazoa, eta ondorioz, abuztuaren 14 eguerdian balkoian izango dira azokari "izena eta izana" ematen dieten hainbat baserritar. "Herriari eta herritarrei egiten dieten ekarpena eta ematen dieten zerbitzua eskertzeko eta aitortza egiteko baliatuko da jaiei ongietorria emateko unea", azaldu du udalak.

Azokako lan mahaiak adostu du nortzuk botako duten txupinazoa: Mari frutategia zeneko Mila Gorostegik eta Zumeta baserriko Irati Amianok piztuko dute suziria. Bi kide horiek, azokako ordezkaririk nagusiena eta gazteena dira, eta horrekin azokak "atzera eta aurrera begiratzeko aukera" eskaintzen duela irudikatu nahi izan dute.

Gainera, ekoizleek jasoko duten omenaldiak bat egiten du bi urteurren borobilekin: batetik, aurten 120 urte dira Azoka Plazaren eraikineko obra amaitu zirela; eta bestetik, 100 urte, ibai gaineko eraikinaren proiektu osagarria landu zela. Udalak azaldu duenez, 1903an Manuel Etxabe arkitekto donostiarrak egin zuen eraikinaren proiektua, gerora azoka, alondegia eta eskolak hartu zituena. Obra haiek 1905. urtean bukatu zituzten, Nicolas Unanue azpeitiarraren eskutik. 1925ean eraikina handitzeko proiektua egin zuen Tomas Bilbao arkitekto bilbotarrak, eta Odol Prat arduratu zen lanak gauzatzeaz.

Erraldoi berria, prest

Aurten erraldoi berri bat izango da konpartsan: emakume pilotaria. Azkoitia pilotarien sehaska izanik, 2004an batu ziren konpartsara –ordura arte baserritarrak eta indiarrak ziren herriko erraldoiak– gizon pilotaria irudikatzen duten bi erraldoiak.

Parekidetasuna sustatzeko xedez, baina, udalak emakume pilotari bilakatu du bi erraldoi haietako bat, eta andremari hauetatik aurrera, emakume eta gizon pilotari bana ibiliko dira kalejiran. Iñigo Borda artistak egin du erraldoi berria.

Barrakak, bihar

Bestalde, bihar, asteartea, hasiko dira Trenbidaren Zumardian barrakak muntatzen. Ostiralean, abuztuaren 8an, zabalduko dituzte horiek, eta jaiak igaro bitartean izango dute herritarrek horiez gozatzeko aukera.

Hona hemen festetako egitaraua:

Abuztuak 14, osteguna, Andremari bezpera

  • 12:00. Txupinazoa, Musika Bandak, Parrokiako abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak lagunduta.
  • 12:30. Azkoitiko, Txantreako eta Buztintxuriko erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 17:00. Haurrentzako parkea, Balda plazan.
  • 19:00. Artistas del Gremio musika taldearen kale ikuskizuna.
  • 19:50. Udalbatzari Parrokiara lagunduz, Alkate soinua joko du Txalkor txistulari taldeak.
  • 20:00. Iraurgi abesbatzak eta herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria kantatuko dute Parrokian. Organoa joko du Jose Luis Frantsesenak.
  • 23:00. Süneren kontzertua, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.

Abuztuak 15, ostirala, Andremari Eguna

  • 09:30. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udalbatzari Parrokiara lagunduz, Alkate soinua joko dute Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak.
  • 11:00. Meza Nagusia, Parrokian. Parrokiako abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak parte hartuko dute.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien nahiz Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 13:00. Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:30. Caixabank Masters Txapelketako partidak, Gurea frontoian. Peña II.a eta Gabirondo Senarren eta Tolosaren aurka ariko dira, eta Altuna III.a eta Imaz Zabalaren eta Mariezkurrena II.aren kontra.
  • 17:30. Simuladoreak eta Txiki Chef, plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:30. Markeliñe konpainiaren Artilusio ikuskizuna, Balda plazan.
  • 20:00. Zubiberri gimnastika erritmikoko kideen erakustaldia, Parrokia aurrean.
  • 20:00. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 22:00. XIII. Film Laburren Lehiaketako emanaldia eta sari banaketa.
  • Ondoren, Hits Cover Banda taldearen kontzertua, plazan.

Abuztuak 16, zapatua, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldekoen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Parrokiara, Txalkorreko kideek Alkate soinua jo bitartean.
  • 11:00. Meza Nagusia, Parrokian. Parrokiako abesbatzak, Iraurgi abesbatzak eta Jose Luis Frantsesena organistak parte hartuko dute.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Udal ordezkarien ohiko aurreskua, plazan.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo taldeko gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 18:00. Udara Caixabank Txapelketako partidak, Gurea pilotalekuan. Aldaregia eta Agirre Oskozen eta Orbegozoren kontra ariko dira
  • 19:00. Euskorleans musika ikuskizuna, kalez kale.
  • 19:00. Patxi eta Konpainiarekin muxikoak, eliz atarian.
  • 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
  • 23:30. Merina Gris taldearen kontzertua, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.

Abuztuak 17, igandea, Baserritarren eguna

  • 09:30. 42. Inazio Iriarte margo lehiaketako zigilu banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa eta erakusketa, Plazaberrin.
  • Eguerdian, blonda hanburgesa dastaketa.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza ariko dira harri jasotzen; aizkoran, berriz, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza.
  • 12:30. Jubilatuen meza, Parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunean. Bazkal ostean, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 18:00. Bikote gazteen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 19:30. Inazio Iriarte mago lehiaketako sari banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 22:00. Enaitz eta Erkiziren erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak segituko du.

Abuztuak 18, astelehena, Kuadrillen eguna

  • 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
  • 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezena, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga.
  • 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan
  • Ondoren, suzko zezena, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
Abuztuak 19 eta 20, asteartea eta asteazkena

  • 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.
 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide