Saharako haurren harrera festak Azkoitian egin du geldialdia gaur. Atzo, larunbatez, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen harrera jaso zuten Saharatik uda igarotzera eskualdera bertaratutako haurrek Azpeitian, eta gaur, Azkoitian jarraipena eman diote ekitaldiari. Hain zuzen ere, haur guztiak eta haien harrera familiak plazan elkartu dira 11:00etan, eta bertan jolasak zein askotariko tailerrak izan dituzte. Ondoren, bazkaria egin dute, eta arratsaldean, berriz, perkusio tailerra izango da.
Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 30 haur iritsi dira aurten eskualdera, eta bertan igaroko dute uda, desertuko baldintza gogorretatik salbu. Horietatik hamar ume Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako familietan daude, eta beste hogei Darahlik Larrabetzun (Bizkaia) antolatzen dituen udalekuetan egongo dira hilabete eta erdiz. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Bakeleku udalekuetan, horietako batzuk eskualdekoak.
(Argazkiak: Darahli)