Azkoitiko eta Azpeitiko udalen harrera jaso dute haur sahararrek

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 26a, 13:30

Uda eskualdeko harrera familien etxeetan eta Larrabetzuko Bakeleku udalekuetan igaroko duten Saharako haur errefuxiatuei ongietorria egin diete gaur, Azpeitiko plazan. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek antolatu dute ekitaldia, Darahli elkartearekin elkarlanean. Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek egin diete harrera. Gaur Azpeitian izango dira haurrak, eta bihar, Azkoitian.

Darahli elkarteak sustatzen duen Oporrak Bakean programaren eskutik Urola Kosta eskualdera etorri diren haur sahararrei ongietorria egiteko ekitaldia egin dute gaur, zapatua, Azpeitiko plaza nagusian. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek Zumaiako Darahli elkartearekin batera antolatutako ekitaldia izan da gaurkoa, Azpeitiko plazako kioskoan egin duten ekitaldian parte hartu dute-eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Darahliko ordezkariek. 

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 30 haur iritsi dira aurten eskualdera, eta bertan igaroko dute uda, desertuko baldintza gogorretatik salbu. Horietatik hamar ume Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako familietan daude, eta beste hogei Darahlik Larrabetzun (Bizkaia) antolatzen dituen udalekuetan egongo dira hilabete eta erdiz. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Bakeleku udalekuetan, horietako batzuk eskualdekoak.

Leire Lizarralde Darahli elkarteko ordezkariak ireki du ekitaldia, eta hark gaur Azpeitian eta bihar Azkoitian egingo duten harrera festaz hitz egin du. Horri lotuta, honakoa esan du hark: "Harrera egitea izan daiteke gure etxeetako eta herrietako ateak zabaltzea, harrera izan daiteke elkar entzutea, elkarrengana hurbiltzea, elkar gehiago ezagutzea eta elkarrekin jolastea. Harrera egitea izan daiteke zuen borroka gurea ere badela esatea", adierazi du Lizarraldek. Era berean, hark eskertu egin du herritarrek, elkarteek, eragileek eta erakundeek Saharako haurrak Euskal Herrian hartzeko egin duten ahalegina. "Saharako haurrak beste urte batez gurean egon ahal izatea herritar, familia, elkarte eta erakunde askoren arteko elkarlanaren ondorio da, eta herri mailako harrera hau egitea instituzioen konpromisorik eta babesik gabe ezinezkoa litzateke".

Ondoren iritsi da alkateen txanda, eta Azpeitiaren ordezkari gisa, Alkorta alkateak hitz egin du aurrena. Azpeitiko alkateak ezer baino lehen haurrak Euskal Herrira "espero baino beranduago" iritsi direla gogorarazi nahi izan die hark plazan bildutakoei, eta ongietorria egitearekin batera, uda bikain igarotzeko esan die. "Espero dugu datozen egunetarako antolatu diren ekintzetan ondo pasatzea". Bide horretan, batetik, Alkortak eskerrak eman dizkio Darahli elkarteari Oporrak Bakean programa gauzatzeko egiten duen lanagatik, eta bestetik, haurrak beren etxeetan hartzeko ahalegina egiten duten familiei. 

Azkoitiko alkateak, bestalde, Aste Santuan astebetez Tindufen egin zuen egonaldiko esperientzia oinarri hartuta hitz egin du. "Gu etxean hartu gintuen emakumeak kanpoan zuen senarra lanera joanda, hango beste emakume askok bezala. Nahiz eta herri oso bat sortuta izan, bertan lan egiterik aukerak oso murritzak dira. Bizitako esperientziak zailak izaten omen dira ahazten, eta guk igaro genuen astebete hura puska batean ez dugu ahaztuko. Txundituta gelditu ginen beraien eskuzabaltasunarekin, senarra kanpoan eta etxean bi ume txiki izanda, hemendik hara joandako beste zortzi pertsona hartu zituen-eta hark astebete baterako etxean, eta gainera, guztiei gosaria, bazkaria eta afaria emanez", azaldu du Azkoitiak. 

Era berean, Azkoitiak haurrak etxean hartu dituzten familien esker ona goraipatu du. "Batzuk uda osorako hartzen dituzte haur bat edo bi etxean, eta beste batzuk, gaurko gaua igaroko dute hemengo familien etxeetan, gaur eta bihar gurean egon daitezen. Gu ere saiatzen gara ahal dugun neurrian duguna ematen, baina guri Tindufen neurriz kanpoko arreta eskaini ziguten". Aste Santuan egindako bidaian "herri zapaldua, isildua eta umiliatua" aurkitu zutela ere nabarmendu du Azkoitiak, eta horren aurrean, gaurkoa bezalako ekitaldiak ezinbestekoak direla adierazi du. "Hitz egiten eta ikusten ez dena ahaztu egiten da, eta gaurkoa bezalako ekitaldiek lagundu behar dute Sahara han dagoela eta sahararrak beren herritik kanpora daudela zein beren herrira itzultzeko eskubidea dutela gogorarazteko. Gaur hemen ditugun haurrek beren etorkizuna beren herrian izateko eskubidea dute".

Irati Lizarralde Darahli elkarteko kideak Oporrak Bakean programaz eta Saharar herriaren egoeraz hitz egin du, azkenik. Umeei buruz hasi da hizketan hura: "Haurrek ez lukete erbestean jaio behar. Haurrek ez lukete errefuxiatuen kanpalekuetan jaio behar. Saharar haurrak heldu dira gure etxeetara, basamortutik Euskal Herrira, Saharatik gure etxera. Iritsi da Oporrak Bakean, baina badakigu ez dela benetako bakea, bakea beren herrira itzultzeko eskubidea baita, bakea okupazioarekin amaitzea baita. Bakea bananduta dauden familiak beren herri askean elkartzea baita. Haur hauek dira Saharar herriaren enbaxadorerik onenak, beren lurraldea ezagutu gabe, nor diren eta nongoak diren oso ondo dakitenak. Haur hauek dira beren herriaren historia, egia eta duintasuna dakartenak".

Mendebaldeko Saharaz eta Marokok duela 50 urte egin zuen okupazioa izan ditu Lizarraldek hizpide amaitu aurretik. "Mendebaldeko Sahara ez da lurralde bat soilik, herri bat da, askatasuna ukatu zaiona, autodeterminaziorako eskubidea ukatzen zaiona. Mendebaldeko Saharak etengabe giza eskubideen urraketak jasaten ditu. Aurten, 50 urte bete dira Marokok Mendebaldeko Sahara militarki okupatu zuenetik, eta gaur berriro Saharar herriak askatasuna eta bakea behar dituela aldarrikatuko dugu. Uda honetan ere esperantzari leihoak irekitzen jarraituko dugu, eta uda bateko besarkada ahalik eta gehien luzatuko dugu", esan du. 

Herriz herri ari dira Saharar haurrei ongietorriak egiten eskualdean. Zumaian eta Zestoan egin bezala, gaur Azpeitian egin diete harrera, eta haien bueltan elkartu dira haurrak eta haien harrera familiak. Azpeitiko nahiz Azkoitiko udal ordezkariek, gainera, opari bana entregatu diete haurrei. Ekitaldiaren ostean, jolasak eta askotariko tailerrak egin dituzte. Gero, bazkaria egingo dute, arratsaldeko apar festarako indarrak hartzeko. Bihar, berriz, Azkoitian elkartuko dira. Haur guztiak eta haien harrerako familiak plazan elkartuko dira 11:00etan, eta bertan jolasak zein askotariko tailerrak izango dituzte. Ondoren, bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, perkusio tailerra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide