Caixabank Masters esku pilota txapelketako bi partida jokatuko dituzte Andre Maria egunean

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 23a, 12:45

Jokin Altuna izango da andremarietako protagonistetako bat. (Aspe)

Caixabank Masters udako binakako esku pilota txapelketako bosgarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte Andre Maria egunez, Gurea pilotalekuan. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Asteak besterik ez falta dira andremarietarako, eta pilota enpresek zehaztu dute Andre Maria egunean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko duten profesionalen esku pilota jaialdia. Eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte herrian abuztuaren 15ean, ostiralez, 17:30ean hasita. 

Caixabank Masters txapelketaren bosgarren jardunaldiko partidak hartuko ditu Azkoitiak egun horretan. Aurreneko partidan, B Serieko txapelketako lehia jokatuko dute: batetik, Jon Ander Peña Peña II.a eta Arkaitz Gabirondo arituko dira, eta bestetik, Beñat Senar eta Xabier Tolosa. Goi mailako partidan, A Serieko txapelketari dagokionean, Jokin Altuna Altuna III.ak eta Ander Imazek osatuko dute bikote bat, eta bestea, Javier Zabalak eta Jon Mariezkurrena Mariezkurrena II.ak. 

Goi mailakoen txapelketa horretan zazpi bikote ari dira lehian, eta ligaxkako fasean zazpi jardunaldi jokatuko dituzte; hain justu, bikote bakoitzak sei partida jokatuko ditu, eta Azkoitiko jardunaldia azken aurrekoa izango da. Ligaxka amaitutakoan, lehen bi sailkatuak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara, eta gainerakoek play-offak jokatuko dituzte finalerdietarako sailkapena erabakitzeko. Finala irailaren 14an jokatuko dute Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan.

Sarrerak, salgai

Andremarietako pilota jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko; Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke horiek online. Kantxako sarrerak 35 euro balio dute, eta goiko solairukoek nahiz errebotekoek, 25 euro. Dena den, jaialdiaren egunean Gureako leihatilan ere salduko dituzte sarrerak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide