Herenegun, larunbata, ospatu zuen Tta-kun areto futbol elkarteak IV. Beltzen Eguna. Oteiza frontoietan izan zen egun osoko jaia, baina iluntzerako Alde Zaharrera eraman zuten festa, musika hotsek lagunduta.
Beltzen Eguneko jarduerak goizean hasi zituzten haurrentzako jolasekin, baina, gero, IV. Beltzen Torneoko azken partidak jokatu zituzten. Team Rocket taldea gailendu zen final nagusian, Aizpurutxo taldeari 4-0 irabazi eta gero. Bazkalostean egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta aurtengo txapelduna saritzeaz gain, sari gehiago ere banatu zituzten Tta-kunekoek. Batetik, Tta-kun taldeko ordezkariek jaso zituzten sariak: Josu Godoy izendatu zuten Tta-kunen txapelketako jokalari onena; Jon Zubizarretak jaso zuen zaleen saria; eta Julen Iriartek, goleatzaile nagusiarena.
Ordea, Tta-kun taldeko kide ez direnak eta txapelketan nabarmendu direnak ere saritu zituzten antolatzaileek: Pedro Teixeirak jaso zuen entrenatzaile onenaren saria; zaleek hautatuko talde irabazlea Patxaranja Mecanica izan zen; Enara Anduezak eta Julian Balenciagak zaleen jokalari gustukoenaren saria jaso zuten; torneoko gol onenaren oroigarria irabazi zuen Aritz Albizurik; Maria Juaristi eta Ekaitz Albert izan dira txapelketako goleatzaile nagusiak; eta azkenik, Irantzu Albizuri eta Aimar Garate izendatu zituzten txapelketako jokalari onenak.
Sariak banatu ondoren, Kanpax DJaren emanaldia izan zen frontoietan, eta gero, Skapaie elektrotxarangak lagunduta, Oteiza frontoietatik Alde Zaharrera eraman zuten festa. Giro ezin hobean igaro zuten beste urte batez eguna herritarrek.