Areto futbola festarekin uztartuko du gaur Azkoitiko Tta-kun areto futbol elkarteak, IV. Beltzen Egunean. Egun guztirako antolatu dituzten jarduerak egiteko Oteiza frontoiak hartu dituzte gaur areto futbolzaleek.
Beltzen Eguneko jarduerak goizean hasi dituzte haurrentzako jolasekin, eta frontoietako harmailak jendez bete dira ordurako. Behin baloiarekin jolasean ibilita, IV. Beltzen Torneoaren txanda izan da. Hori hasi aurretik areto futbol txapelketako kopa eraman dute frontoietara auto batean. Gero, finalistak joko eremura haurrek lagunduta sartu dira.
Lagunarteko bazkaria ere frontoietan bertan egingo dute. Bazkalostean, txapelketako sariak banatutakoan, 17:30ean, Kanpax DJaren emanaldia izango dute frontoietan. 19:00etan, berriz, Skapaie elektrotxarangak lagunduta frontoietatik Alde Zaharrera joango dira kalejiran.