Hiru urteren ostean, Bulego musika taldeak Azkoitiko plazan jo zuen atzo iluntzean. Azkoitiko taldearen zaleek gogoz hartu zuten saioa, herriko plaza alderik alde jendez beteta egon zelako kontzertuak iraun zuen bitartean. Adin guztietako herritarrak batu zituen atzoko kontzertuak, eta jendeak kantuz jarraitu zituen Bulegoren abestiak.
Eszenatokia ere tokiz aldatuta jarri zuten atzo, udaletxearen aurrean jarri baitzuten. Ia bi hamarkada dira agertokia toki horretan jarrita egin dena kontzertu bat Azkoitian. Gainera, udalak eta Marea Urdinak lehentasunezko eremua egokitu zuten plazan aniztasun funtzionala duten pertsonek musika saioa eroso jarrai zezaten.
Bulegok atzo Azkoitian emandako kontzertua aurten Gipuzkoan jotako aurrena izan zen. Iazko abenduan urtebetetik gorako etena iragarri zuen herriko musika taldeak. Hori horrela, 2026an ez da agertokietara igoko taldea. Dena den, 2027aren bueltan itzultzea espero dute musikariek. Etenaldian, "barruari begiratzeko tartea" hartuko dute musika taldeko kideek. Orain arteko aroa ixteko kontzertuak eskainiko ditu taldeak aurtengo azaroan, Bilbon.