Bulego Azkoitiko musika taldeak urtebetetik gorako etena egingo duela iragarri du gaur arratsaldean. Musika taldea ez da eszenatokietara igoko 2026. urtean; ez du kontzerturik eskainiko urte horretan. Sare sozialetara igo berri duten bideoan azaldu dutenez, etenaldiak irauten duen bitartean, "lan berrietan zentratuta" egongo dira taldea osatzen duten musikariak.
ETB1eko Biba Zuek! saioan izan da gaur Tom Lizarazu Bulegoko abeslaria, eta han azaldu du honainoko bidea "oso polita" izan dela. "Bizipen asko bizitzeko aukera izan dugu gure jarraitzaileekin batera. Oso azkar joan da guztia, bost urte ero izan dira, eta nahi dugu gure hurrengo pausoak orain arteko ederrenak izatea. Horretarako, behar dugu eszenatokietatik urruntzea, perspektiba pixka bat hartzea, atseden hartzea, bizipenak eszenatokietatik kanpo sortzea, eta, era berean, behar dugu ondoren etorriko den lana mimoz egitea", azaldu du telebistan Lizarazuk. Ordea, Bulegoko abeslariak ez du aurreratu zer proiektutan murgilduko diren: "Oraindik ez dakigu zer izango den, eta noiz bueltatuko garen ere, baina uste dugu 2027. urtearen inguruan izango dela".
Jendaurreko emanaldi ugari eskaini ditu Azkoitiko musika taldeak azken bost urteetan, bai plazetan, bai antzokietan, eta horrek indarrak xahutu dizkiela azaldu du Lizarazuk. "Kontzertuetatik at sobratzen den denbora horretan sortzen dugu musika. Denbora asko ari gara dedikatzen proiektu honi, baina kontzertuek energia asko kentzen digute. Nazioartean ere birak egin ditugu. Hori ez da bakarrik hegazkinean edo furgonetan sartzea eta musika jotzea; prestakuntza handia eskatzen du, hemengo kontzertuek bezala. Gainera, lantalde guztia antolatu behar da; energia asko ematen digute horiek guztiek, baina, era berean, kendu ere bai antolaketa lanak".
Atsedena "behar eta nahi" dutela sentitzen dute Bulegoko musikariek, baina dagoeneko aurrera begira jarrita daude. "Nahi duguna da datorrena orain arteko gure lanik ederrena eta mimo gehienarekin landutakoa izatea: hori eskatzen digu gorputzak", esan du Lizarazuk.
Etenaren atariko kontzertua
2026. urteko etena iragartzearekin batera, musika taldeak aroa ixteko agur ospakizuna egingo duela jakinarazi du. Bulegok 2025eko azaroaren 9an Bilboko Euskalduna jauregian eskainiko du etenaren aurreko azken emanaldia. Kontzertu horretarako sarrerak etzi, osteguna, jarriko dituzte salgai taldearen webgunean; 11:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira horiek.
2019. urtean sortu zuten Bulego musika taldea Tomas Lizarazuk (ahotsa), Ruben Lizarraldek (gitarra) eta Xabier Arrietak (bateria), Jontxu Ape (baxua) eta Itziar Beitia (pianoa) taldekide ohiekin batera. Bost lan argitaratu dituzte bost urteotako ibilbidean: Bulego (2019), Ilun dagoen arren (2020), Erdian oraina (2021), Gure bizitzako lehen bira (2022) eta Aldatu aurretik (2023). Egun, Lizarazuk, Lizarraldek eta Arrietak hainbat kolaboratzailerekin batera jarraitzen dute proiektuarekin. 2025aren hondarrean, baina, "barruari begiratzeko tartea" hartuko dute.
Elena Irureta aktorearekin batera egindako honako bideo hau aurkeztuta iragarri du Bulegok geldialdia:
View this post on Instagram