Azkoitiko Bulego musika taldea herrian arituko da datorren zapatuan, 23:00etan hasita. Hiru urteren ondoren, herriko plazan arituko da Azkoitiko musika taldea; herrikideen aurrean emango dute kontzertua. 2025. urte honetan Gipuzkoan eskainiko duten aurreneko kontzertua izango da, gainera, zapatukoa haientzat.
Kontzertu hori dela eta, udalak eta Marea Urdinak lehentasunezko eremua egokitu dute larunbaterako aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Udalak azaldu duenez, udaletxearen aurrealdean jarriko dute zapaturako oholtza, fatxadarekiko paraleloan, eta plazaren alde batean egokituko dute pertsona horientzako hesitutako eremu bat.
Kontzertua lehentasunezko gune horretatik jarraitu nahi duten pertsonek eta senideek, ordea, lehentasun txartela izan beharko dute, eta horretarako, aurrez egin beharko da eskaera. Udaletxeko Gizarte Zerbitzuen sailean gaurtik ostiralera bitartean eskatu ahalko da txartela, 08:00etatik 14:00etara bitartean. Dena dela, kontzertuaren egunean Marea Urdina elkarteak postu bat jarriko du herriko plazan. Goizez, 12:00etatik 13:00etara egongo dira elkarteko kideak plazan, eta iluntzean, 20:00etatik 21:00etara.
Halaber, udalak jakinarazi du andremarietako ikuskizunetarako eta kontzertuetarako ere "antzerako neurria" hartuko dutela, "inklusioari bide emate aldera". Erakundeak esan du Marea Urdinarekin "lanean" ari dela, herriko festetara begira lehentasunezko guneak zehaztu ditzaten.
Sei urteko ibilbidea
2019. urtean sortu zuten euskal pop taldea da Bulego musika taldea. Tom Lizarazuk (ahotsa), Ruben Lizarraldek (baxua), Xabi Arrietak (bateria) eta Elba Azpillagak (teklatua) osatzen dute egun banda. Urtez urte indarra hartzen ari dira haiek; izan ere, Euskal Herriko talde ezagunenetako bihurtzeraino heldu dira musikariak. Euskarazko pop dantzagarria eskaintzen du Bulegok, baita melodia itsaskorrak ere, eta hala, arrakasta handia lortu du, bereziki, gazteen artean.
Iazko abenduan, gainera, urtebetetik gorako etena iragarri zuen herriko musika taldeak. Hori horrela, 2026an ez da agertokietara igoko taldea. Dena den, 2027aren bueltan itzultzea espero dute musikariek. Etenaldian, "barruari begiratzeko tartea" hartuko dute musika taldeko kideek. Orain arteko aroa ixteko kontzertuak eskainiko ditu taldeak aurtengo azaroan, Bilbon.