Süne, Merina Gris eta Tapia eta Leturia, andremarietako kontzertuen artean

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 18a, 12:15

Merina Gris taldea.

80ko eta 90eko pop-rock kanten bertsioak egiten dituen Hits Cover Band taldeak eta Alberdi eta Erkizi trikitilariek osatuko dute udalak jaietarako antolatutako kontzertuen zerrenda. Uztailean, berriz, Euskadiko Gazte Orkestrak eta Bulegok zuzeneko bana emango dute herrian.

Azkoitiko Udalak jakinarazi ditu Andre Mari jaietan herriko plazako agertokira igoko diren musikarien eta taldeen izenak. Josune Arakistainek, Sünek, emango du lehendabiziko kontzertua plazan Andre Mari bezperan, abuztuaren 14an. Abuztuaren 15ean, Andre Mari egunean, 80ko eta 90eko pop-rock kanten bertsioak egiten dituen Hits Cover Band taldearen txanda izango da. Abuztuaren 16an, berriz, Merina Grisek eskainiko du zuzenekoa Azkoitiko plazan. Eta jaietako azken bi gauetan, trikiti doinuak barreiatuko dituzte plazako oholtzatik Alberdik eta Erkizik (abuztuaren 17an) zein Tapiak eta Leturiak (abuztuaren 18an).

"Publiko ezberdinentzat kontzertu erakargarriak ekartzen saiatzen gara, denek goza dezaten musikaz festetan eta gau giroan. Oholtzara igoko diren musikariek ikus-entzuleak konkistatuko dituztelakoan nago. Eskaintza polita da. Herriko plaza jendez betetzea eta ondo pasatzea nahi dugu”, adierazi du Igor Isuskitza Festetako zinegotziak.

Uztailean, EGO eta Bulego

Baina abuztuko jaien aurretik ere izango dira kontzertuak Azkoitian, eta horietakoren biren berri eman du du gaur udalak.

Uztailaren 12an, Euskadiko Gazte Orkestra (EGO) entzuteko aukera izango da Baztartxo antzokian (18:00). EGOren emanaldi horretarako sarrerak Interneten eros daitezke jada, Entradium.com-en.

Eta astebete geroago, uztailaren 19an, herriko plazan emango du kontzertua Bulegok, 23:00etan hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide