Herritar ugari, eguneko zentroaren ate irekien jardunaldian

Andoni Elduaien 2025ko eka. 12a, 09:01

Jende ugari bildu zen eguneko zentroan. (Udala)

Ate irekien jardunaldia baliatuta, herritar ugari bertaratu zen atzo duela hilabete eskas inauguratu zuten Garbiñe Otegi eguneko zentrora. Aldundia sustatzen ari diren zaintza ereduari buruzko azalpenak eman zituzten Azkoitia alkateak eta Peña diputatuak.

Herritarrek Burdinoleta kalean ireki berri duten Garbiñe Otegi eguneko zentroa ezagutzeko aukera izan zuten atzo, asteazkena. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalak herritarrei bideratutako ate irekien jardunaldia egin zuten han, haiek gunea zein hark eskaintzen dituen zerbitzu guztiak barrutik eta bertatik bertara ezagutu zitzaten. Jende ugari bildu zen Ana Azkoitia alkateak eta Maite Peña aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak emandako azalpenak entzuteko asmoz.

Erakundeetako bi ordezkariak gizartearen zahartzeak dituen erronkak eta aldundia lurraldean sustatzen ari den zaintza eredu berria izan zituzten hizpide. Alkatearen hitzetan, eguneko zentroak eskaintzen duen zerbitzua "giltzarria" da erabiltzaileentzat eta familientzat. "Erakundeon ardura da pertsonak erdigunean jartzea eta zahartze prozesuetan edota mendekotasun egoeretan pertsonen duintasuna bermatzea. Horretarako ari gara lanean. Erronka berrien aurrean gaude, eta eguneko zentro honek ateak ireki izana da erronka horiei eman zaien erantzunetako bat", azaldu zuen Azkoitiak. Halaber, alkateak jakinarazi zuen udala zaintzen ekosistemaren inguruko lanketa ari dela egiten, "epe ertain eta luzera udalerriak baliabide eta zerbitzu aldetik izango dituen beharrei soluzioak ematen joateko".

Peña diputatuak, bestalde, Azkoitiak adinekoentzako arreta-sarea "indartua eta berritua" izango duela esan zuen. Eguneko zentro berria zabalduta eta San Jose egoitzako Unitate Psikogeriatrikoa berrituta: "Azkoitia pauso sendoak ari da ematen zaintza eredu hurbilago, irisgarriago eta pertsonalago baten alde, azkoitiar bakoitzaren duintasunean eta ongizatean oinarritutako eredu baterantz. Urrats horiek aldundiaren konpromisoaren parte dira, laguntza behar duten herritarren erritmoak, lehentasunak eta bizi-ibilbideak errespetatuko dituen arretan oinarritutakoak", esan zuen hark.

Era berean, diputatuak azaldu zuen bai eguneko zentroa irekitzea, bai egoitzako Unitate Psikogeriatrikoa berritzea aldundiaren Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren 20-30 Agendan kokatzen direla, lurralde osoan bultzatzen ari den zainketa ereduaren "eraldaketa prozesuari" erantzunez: "Eredu berri honek pertsona erdigunean jartzen du; asistentzia ikuspegiaren ordez autonomian, gertuko harremanetan eta komunitatean oinarritzen da, eta horrek, espazioak eta praktikak berritzea eskatzen du. Gipuzkoako zaintza eraldatzen ari gara, eredu gizatiarragoa dugu helburu, zaintzaileagoa eta pertsona guztien bizitza duinarekin konprometituagoa".

Udalak eta aldundiak 2022an hitzartutako akordioa tarteko, Garbiñe Otegi eguneko zentroa maiatzaren erdialdean zabaldu zuten Burdinoleta kalean. 356 metro koadroko azalera du egoitzak, eta 30 plaza eskaintzen ditu, San Jose egoitzan zegoenak baino hamar gehiago. Halaber, egoitzan kokatzen den Unitate Psikogeriatrikoa osorik eraberritzen ari dira zaintza eredu berrira egokitzeko. Alkateak bi erakundeen arteko lankidetzan jarri du azpimarra, "bestela ezingo liratekeelako horrelako inbertsioak aurrera atera".

Sonia Vazquez zinegotzia, Azkoitia alkateak eta Peña diputatua, atzo, azalpenak ematen. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide