Ohiko irekiera ekitaldi batek baino jende gehiago batu zuen atzo arratsaldean Burdinoleta kalean atondu duten Garbiñe Otegi eguneko zentroaren inaugurazioak. Izan ere, erakunde publikoetako ordezkariak, zentroaren erabiltzaileak eta familiak ez ezik, zentroari izena eman dion Garbiñe Otegiren senide eta lagun ugari ere bertaratu ziren ekitaldira.
San Jose egoitzako eguneko zentroa ordezkatuko du zentro berriak, kokapen eta irisgarritasun aldetik askoz egokiagoa. Udalak eta aldundiak ate irekien saioa antolatu dute ekainaren 11rako, eta interesa duten herritarrek egun horretan izango dute azpiegitura berriak bertatik bertara ezagutzeko aukera.