Herritarrek Garbiñe Otegi eguneko zentroa ezagutzeko aukera izango dute bihar

Andoni Elduaien 2025ko eka. 10a, 09:00

Eguneko zentroaren irekiera ekitaldiko argazki bat. (Aitziber Arzallus)

Ana Azkoitia alkateak eta Maite Peña aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak parte hartuko dute biharko saioan. Eguneko zentroko zerbitzuez eta aldundiaren zaintza eredu berriaz hitz egingo dute biek, 18:30ean.

Herritarrek Burdinoleta kalean ireki berri duten Garbiñe Otegi eguneko zentroa ezagutzeko aukera izango dute bihar, asteazkena. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalak ate irekien jardunaldia antolatu dute herritarrentzat, haiek gunea barrutik ezagutu dezaten.

18:30ean zabalduko dizkiete ateak herritarrei, eta interesa duen oro gonbidatu dute zerbitzuaren berri aurrez aurre jaso dezaten. Ana Azkoitia alkateak eta Maite Peña aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak parte hartuko dute saioan, eta zerbitzuaren berri emateaz gain, eta aldundiaren zaintza eredu berriaren inguruan lurralderako aurreikusita duten zabalkundea izango dituzte hizpide.

Alkateak herritarrei dei egin diete, espazioa ezagutzeko ate irekien jardunaldia balia dezaten. "Lehenago edo beranduago, Gizarte Zerbitzuetara jotzeko beharrarekin egiten dugu topo. Ondo dago adineko pertsonak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko eskaintzen diren zerbitzuak, programak eta baliabideak ezagutzea. Gure helburua da zahartze prozesuan pertsonen eta haien zaintzaileen duintasuna bermatzea. Eguneko Zentro berria giltzarri da, pertsonak ahalik eta denbora gehien egon daitezen beren etxeetan. Zenbat eta hobeto ezagutu zerbitzu hauek, are eta hurbilekoagoak suertatuko zaizkigu".

Udalak eta aldundiak 2022an hitzartutako akordioa tarteko, eguneko zentroa maiatzaren erdialdean zabaldu zuten, Burdinoleta kalean. 356 metro koadroko azalera du eta 30 plaza eskaintzen ditu, aurrekoak baino hamar gehiago. San Jose egoitzan, berriz, Unitate Psikogeriatrikoa osorik eraberritzen ari dira, hura zaintza eredu berrira egokitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide