Atzo, Pilotari Txiki Egunean, giro ederra sortu zen Azkoitiko plazan. Gorriz edo urdinez jantzita, dozenaka umek parte hartu zuten Txulue elkarteak eta Abarketatxo ludotekak elkarlanean antolatutako jolasetan, eta ondoren Oteiza pilota elkarteko gaztetxoen partidak izan ziren Kontzejupean. Atzoko egitarauari bukaera emateko, berriz, Axier Arteaga coach-ak eta Iñaki Artola buruz buruko txapeldunordeak hitzaldia eman zuten Portaleburun, eta leporaino bete zen aretoa.
Egun handia, baina, Pilotari Eguna, gaurkoa izango da. 11:30etan txistularien, erraldoien eta buruhandien kalejirarekin hasi, eta iluntzera arte egitarauak ez du izango etenik, eta Guka Telebistak zuzenean emango ditu partida guztiak.
Hona hemen gaurko egitaraua:
- 11:30. Txistulariekin erraldoien eta buruhandien kalejira.
- 12:00. Pilota egilearen erakustaldia.
- 12:00. Eingo taldea.
- 12:00. Emakumeen partida: Arrieta-Bikendi eta Aranburu-Orbegozo.
- 12:30. Gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala.
- 13:00. Tapiatarrei omenaldia eta pilotakada.
- 13:30. Gizonen partida: Andreu-Mikel Goñi eta Bengoetxea VI.a-Goenaga.
- 16:00. Skapaie elektrotxarangaren kalejira.
- 18:00. Aliron juntadizoa, Balda plazatik Kontzejupera.
- 18:30. Emakumeen binakako txapelketaren finala.
- 19:00. Gizonen binakako txapelketaren finala.
- Ondoren, sari banaketa.