Guka Telebistak zuzenean eskainiko ditu Pilotari Eguneko partida guztiak eta omenaldia

Andoni Elduaien 2025ko eka. 5a, 11:41

Emakumeen iazko binakako finaleko irudi bat. (Ane Olaizola)

Guka Telebistak goizeko eta arratsaldeko pilota partida guztiak eskainiko ditu. Webgunean ere jarraitu ahal izango da zuzenekoa. Partidez gain, tapiatarrei egingo dieten omenaldia ere eskainiko du telebistak zuzenekoan.

Bederatzigarrenez ospatuko dute zapatuan Pilotari Eguna. Egitarau zabala ondu du Txulue pilota elkarteak etzirako, ekintza ugari izango baitira goizetik iluntzera bitartean herrian. Hain justu, Guka Telebistak zuzenean eskainiko ditu zapatuko hitzordu berezienak, goizean eta arratsaldean emanaldi bana eskainita. Dena den, Azkoitiko Gukaren webgunean ere jarraitu ahal izango da zuzenekoa.

12:00etan hasiko du Gukak goizean zuzenekoa. Ordu horretan, Arrieta-Bikendi eta Aranburu-Orbegozo bikoteek jokatuko dute pilota partida, eta segidan, Iraitz Kortak eta Jon Larrañaga Xomorrok bi eta erdiko txapelagatik egingo dute borroka. Eguneko aurreneko txapela erabaki eta gero, tapiatarrei egingo diete omenaldia eta senideetako bateko botako du egunari hasiera ofiziala emateko pilotakada. Hori guztia eskainiko du Guka Telebistak goizean, baina, baita Andreu-Goñi II.a eta Bengoetxea VI.a-Goenaga bikoteen arteko partida ere.

Arratsaldean, 18:30etik aurrera bat egin ahal izango dute ikus-entzuleek berriro Guka Telebistaren zuzeneko emankizunarekin; izan ere, arratsaldean gizon-emakumeen binakako txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte. Emakumeen finalean, Oihana Aranbarri- Eneritz Garate eta Oihane Uzin-Maialen Agirre bikoteek egingo dute lehia, eta gizonenean, Julen Garate Juin eta Asier Epelde ariko dira batetik, eta Markel Andueza-Lander Alberdi Kaxka bestetik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide