Azkoitiak Pilotari Eguna ospatuko du bihar bederatzigarrenez, Txulue pilota elkarteak esku pilotari eta herriko pilotariei omen egiteko ekaineko aurreneko zapatuan egin ohi duen festa. Urtez urte hazten ari den eguna da, aurten inoiz baino egitarau beteagoarekin baitator. Pilotari Txiki Eguna egingo dute gaur atariko moduan, eta umeentzako jolasak, Oteiza elkarteko gazteen partidak eta Axier Arteaga coach-aren nahiz Iñaki Artola buruz buruko txapeldunordearen hitzaldia izango dira. Bihar, berriz, pilota finalak nahiz jaialdiak, musika emankizunak eta tapiatarrei egindako omenaldia izango dira Kontzejupean hitzordu, beste hamaika ekintzaren artean.
Urtero-urtero, eta gainera, hutsik egin gabe, egitarauan agertu ohi diren bi pilotariren izenak dira Xabi Andreu eta Aitor Goenaga herritarrenak. Orain arteko edizio ia guztietan osatu dute bikotea elkarrekin bi lagunek. Andreu eta Goenaga herritik kanpoko goi mailako beste bikote baten aurka jarri izan dituzte lehian, baina, aurten, elkarren aurka aritu beharko dute; izan ere, Andreu Mikel Goñi Goñi II.arekin arituko da, eta Goenaga, Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.arekin. Hori horrela izanda, bi lagunetako batek bakarrik eutsi ahal izango dio garaipenaren bideari.
Ikusmin handia piztu du partidak, bi herritarrez gain kantxan ariko diren beste bi pilotariak izen handikoak baitira. Bi herritarrak gogotsu daude biharko demarako; "egun handia" da Andreurentzat Pilotari Eguna, eta "polita bezain berezia" Goenagarentzat. "Disfrutatzeko eguntzat hartzen dut eguna. Antolatzaileek aukera polita ematen digute urtero, eta oso eskertuta sentitzen naiz horregatik; hainbat pilotariren aurka aritzeko aukera izaten dugu", dio Andreuk. Bide beretik jo du Goenagak ere: "Kariño handiarekin hartzen dut eguna, pilotan ibili izan direnak edota pilota gustuko dutenak Kontzejupean aritzera bultzatu dituzte eta". Bide batez, egunean eta txapelketako partidetan Kontzejupean sortu ohi den giroa nabarmendu du azken horrek, eta eskertuta azaldu da hura ere txikitan "idolo" izandakoen aurka jokatzeko izaten duten aukeragatik.
Batera, baina ez elkarrekin
Kantxa elkarbanatuko dute bi lagunek, baina, aurten, ez dute bikotea elkarrekin osatuko. Biek sentitzen dute nolabaiteko «pena» elkarrekin jokatzerik ez dutelako izango. "Ondo iruditzen zait bikoteak aldatu izana, baina niretzat oso berezia da Andreurekin jokatzea. Txikitatik jokatu dugu elkarrekin; plazan hazi gara, Kontzejupean ordu asko igaro ditugu eta", esan du Goenagak. Andreu "oso ondo" ezagutzen duela dio hark, eta beretzat "plazer handia" da harekin jokatzea. "Ez dugu hitz egin beharrik izaten kantxan elkarren berri izateko. Aurten ez dut sentituko hori guztia".
Pilotarako gelditzen direnean, oro har, Andreuren aurka jokatzen du Goenagak, eta "normalean galdu" egiten omen du. "Andreuren aurka jokatzera eta galtzera ohituta nago. Nahiagoko nukeen Andreurekin jokatzea; ez irabazteagatik, Kontzejupean elkarrekin jokatzen dugun egun bakarrenetakoa baita". Nolanahi ere, "ilusioz" da hura, "historiako pilotaririk onenetako batekin" arituko da eta.
Andreuk, berriz, "beste era bateko partida" espero du. "Ondo ezagutzen dut Goenaga, eta berak ere bai ni. Ondo joan zaigu orain arte, baina aurten bestelako lehia jarri digute. Ilusio handia egiten dit Goñirekin batera jokatzeak; nahiz eta hark frontoia ez ezagutu, ea laguntzeko gai naizen, eta partida polit bat eginez, guztiok disfrutatzeko modua egiten dugun". Lagunak bai, baina tarte batez kantxako arerio izango dira Andreu eta Goenaga.
Egitaraua
Gaur, ostirala
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:00. Oteiza elkarteko gazteen pilota partida.
- 19:00. Axier Arteaga eta Iñaki Artola pilotarien hitzaldia, Portaleburun.
Bihar, larunbata
- 11:30. Txistulariekin erraldoien eta buruhandien kalejira.
- 12:00. Pilota egilearen erakustaldia.
- 12:00. Eingo taldea.
- 12:00. Emakumeen partida: Arrieta-Bikendi eta Aranburu-Orbegozo.
- 12:30. Gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala.
- 13:00. Tapiatarrei omenaldia eta pilotakada.
- 13:30. Gizonen partida: Andreu-Mikel Goñi eta Bengoetxea VI.a-Goenaga.
- 16:00. Skapaie elektrotxarangaren kalejira.
- 18:00. Aliron juntadizoa, Balda plazatik Kontzejupera.
- 18:30. Emakumeen binakako txapelketaren finala.
- 19:00. Gizonen binakako txapelketaren finala.
- Ondoren, sari banaketa.